Zinema independientea eskainiko da barikuetan Ikusgarri aretoan
Zirkuitu komertzialetatik kanpo gelditzen diren filmak ikusteko aukera egongo da barikuetan, Zinemazaleen eskutik. Euskal ekoizpenak, ekoizpen txikiak, independienteak edo ohiko aretoetan normalean ikusten ez direnak ekartzea dute helburu. «Pelikulen bitartez, testuinguru, pentsaera eta esperientzi ezberdinez hausnartzeko tartea eman nahi da», azaldu dute. Horrela, zuzendariekin zineforumak ere antolatuko dituzte, pelikularen iturriak eta motibazioak ulertzeko.
Lehen proiekzioa, otsailaren 20an, barikua, 20:30etan izango da, Ander Odriozola zuzendari ondarrutarraren Bingen komediagaz. Gabriel Ocina eta Miren Gaztañaga dira filmaren protagonistak.
Bingenek, Bilboko enpresa industrial baten gogor lan egiten du, baina bere bikoteak, Norak, Bilbao modernoko arte kontuak baino ez ditu miresten. Bingen, jeloskor, kioskoan kurtso-bilduma erosi eta pintatzen hasten da, Noraren arreta berreskuratzeko. Ziur dago hiru hilabetez gogor lan eginez gero Norak hainbeste miresten dituen artistak baino hobeto pintatzeko gai izango dela.
Filmaren ostean, zineforum bat egingo da, eta beraz, zuzendariagaz solasaldian jarduteko aukera ere eskainiko dute Zinemazaleek.
Udalaren babesa
Zinemazaleek emandako pausu berriagaz pozik agertu da Lekeitioko Udala. «Udalak Ikusgarri herrirako areto moduan erabiltzeko apustua egin zuenetik, eskaintza kultural erregularra eta kalitatezkoa egonkortzen saiatu da. Horretan bidelagun izan du Zinemazaleak elkartea, zine programazio erregular bat jarriz», adierazi dute.