Herritarren laguntzagaz, ospitalearen gabeziak identifikatu gura dituzte
Orain artean hainbat hutsune salatu ditu Ohedun ospitalaren aldeko taldeak. Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan asanblada irekia egingo dute bihar, eta parte hartzeko eskatu duteGernika-Lumoko Ospitaleak dituen gabeziak identifikatu gura dituzte; horretar...
Orain artean hainbat hutsune salatu ditu Ohedun ospitalaren aldeko taldeak. Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan asanblada irekia egingo dute bihar, eta parte hartzeko eskatu dute
Gernika-Lumoko Ospitaleak dituen gabeziak identifikatu gura dituzte; horretarako asanblada irekia egingo dute bihar, herrritarren esperientziak, bizipenak eta kezkak jasotzeko. Ohedun ospitalearen aldeko taldeak egin du deialdia. Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan batuko dira, 19:30ean, eta parte hartzeko deia egin dute. Taldeko kideen esanetan, lehen eskutik jakin gura dute Busturialdeko biztanleek izan dituzten arazoak. Dena den, dagoeneko taldeak izan baditu ospitale horrek eskaintzen duen zerbitzuari buruzko zenbait kexa. «Esate baterako, larrialdi zerbitzuetan ez dago 24 orduko garbitzaile zerbitzurik. Beraz, gauean sor daitezkeenak garbitzeko langilerik ez dago, hurrengo goizera arte».Era berean, kirurjia eta ebakuntzen osteko gelako osasun langileak 15:00etan amaitzen dute beraien txanda, «eta, ebakuntza egin berri dioten norbaitek arazorik badu, edo 15.00etarako altarik jaso ez badu, han uzten dute, osasun langilerik barik», kritikatu dute.
Analisiena izan da Ohedun ospitalaren aldeko taldeak behin eta berriro salatu duen beste kontu bat: «Analisiak egiteko makina badago, baina gauetan ez dago laborategiko teknikorik lanean. Hori dela eta, larrialdi zerbitzuetako medikuek analitikaren bat behar dutenean Galdakaora bidaltzen dute, taxista bategaz».
Pediatrarik ez oraindik
Diotenez, dirua xahutu dute eraikin bat egiteko, «eta zerbitzuak martxan jartzerako orduan ez dute langileengan inbertitu». Pediatren falta da herritarren kexa nagusienetako bat. «Azken urtean 3.000 ume baino gehiago artatu dituzte larrialdietan, eta pediatrarik ez dago». Ustez, Gurutzetaraino joan behar izatea saihestu behar zuen Gernika-Lumoko ospitaleak, baina pediatria larrialdiak artatzeko mediku kualifikaturik ez dagoela kritikatu dute.
Urdulizen eta Eibarren bai
Eusko Alderdi Jeltzaleak osasun arloan hartu berri dituen erabakiak ere salatu ditu Ohedun ospitalaren aldeko taldeak: «Medikuak eta langileak kontratatzeko dirurik ez dagoela dio Osakidetzak, baina Urdulizen 200 ohe baino gehiago izango dituen ospitalea eraikiko dute, eta haiek Gurutzeta hurbilago dute. Eibarren, PSEgaz akordioa egin du EAJk, eta ohedun ospitalea egingo dute, Mendaro gertu duten arren». Gaixo kronikoak ugaritu egin direla, eta horiek guztiek askotan ospitalizazioa behar izaten dutela da Osakidetzak eman duen arrazoia. «Baina arazo bera daukagu Busturialdeko eta Lea-Artibaiko biztanleek, eta Galdakao edo Gurutzeta urrun dauzkagu».