Zerua Berun, 2014ko album irabazlearen aurkezpen ekitaldia udaletxeko osoko bilkura arteoan. Mahaian: Josune Baskaran zinegotzia, Mari Eli Ituarte itzultzailea eta Peru Abarka lehiaketako epaimahaikidea, Castillo Suarez idazle nafarra eta Maite Mutuberria ilustratzailea.
Hemeretzi lan aurkeztu dira aurten, Ibaizabal argitaletxea eta Markina-Xemeingo Udalaren lankidetzaz antolatzen den, Peru Abarka Album Lehiaketara. Gehienak Bizkai aldetik ailegatu badira ere, Gipuzkoako eta Arabako ordezkariak ere badirela jakitera eman dute antolatzaileek, eta Berlinetik ere lanen bat heldu dela aurreratu dute.
Antolatzaileak pozik agertu dira lehiaketara aurkeztutako lan kopuru handiagaz, baina, batez ere, Markina-Xemeindik sekula baino lan gehiago aurkeztu direla nabarmendu dute.
Epaimahaiaren txanda
Orain epaimahaiaren txanda hasiko da. Lan guztiak irakurri ondoren, irabazle bat aukeratuko dute. «Ea suertea dugun eta kalitate handikoak diren, lehia gogorragoa izango da, baina, gure epaimahaiko kideak eskarmentu handikoak dira eta aukeraketa egokia egingo dute», adierazi dute antolatzaileek.
Irabazlea, apirilaren 23an argitara emango dute, Liburuaren Nazioarteko Egunean. Egun horretan hasiko da baita ilustratzaileen atalera aurkezteko aukera. Apirilaren 23tik ekainaren 27ra arte egongo da ilustrazioak aurkezteko epea zabalik.