Kiroldegiko rokodromoa eta fitness funtzionalerako materiala berritu dituzte
'Purmotion' egitura berria ahalmen fisiko ezberdinak dituzten erabiltzaileek erabili ahal dute. Lanok egiteko Enagasen diru laguntza izan dutela jakinarazi du udalakAraneko kiroldegiko zenbait instalazio berritu ditu Bermeoko Udalak. Hala, batetik, rok...
‘Purmotion’ egitura berria ahalmen fisiko ezberdinak dituzten erabiltzaileek erabili ahal dute. Lanok egiteko Enagasen diru laguntza izan dutela jakinarazi du udalak
Araneko kiroldegiko zenbait instalazio berritu ditu Bermeoko Udalak. Hala, batetik, rokodromoaren egoera hobetu dute, eta, bestetik, fitness funtzionala egiteko egitura berria eta modernoa jarri dute. Udalak «kirolaren eta herritarren osasunaren aldeko apustua egiten duela eta», Irune Ormaetxea Kirol zinegotziaren arabera, «helburu garrantzitsua da kiroldegiak kalitatezko zerbitzu modernoak eskaintzea eta instalazio egokiak izatea».Fitness funtzionala egiten duten kirolariek «era erosoago eta berritzaile batean» praktikatzeko aukera dute orain, Purmotion izeneko egitura berria jarri baitute kiroldegian. Egitura hori aukeratu dute, metodo horrekin «mugimendu patroiak hobeto landu daitezkeelako, eta, era berean, material aldakorra aldi berean erabiltzea ahalbideratzen duelako; besteren artean, txikotak, tenkatzaileak edota plataforma ezegonkorrak», azaldu du Kirol Patronatuko zuzendari Itxaro Zabalak.
Egitura berri horrek, gainera, ahalmen fisiko ezberdinak dituzten erabiltzaileentzat aukerak eskaintzen dituela jakinarazi dute.
300 presa berri
2010. urtetik dago rokodromoa kiroldegian, baina orain aldaketak egin dizkiote. Hain zuzen ere, 300 presa berri erosi dituzte, eta orain arte egon direnak desmuntatu eta garbitu egin dituzte ibilbide berriak diseinatzeko. Ibilbideak birdiseinatzeko, Mikel Urkidi eskalatzaile bermeotarraren laguntza izan dutela jakinarazi dute. Rokodromo berrituak maila guztietako eskalada zaletuek erabiltzeko ibilbideak dituela aipatu dute. Adin txikikoak ere joan daitezke, betiere, nagusi baten ardurapean.
Lan horiek guztiak egiteko Enagasen diru laguntza izan dutela azaldu dute.
Bestalde, kirol zerbitzuak hobetzen joateko ahaleginak eginda, aurten biking gelako eta gimnasioko material kardiobaskularra berritzeko asmoa dutela iragarri du Ormaetxeak.
Gainera, igerilekuan kale berri bat egin dute, eta bankuak ere jarri dituzte. Hala, zapatuan, lehenengoz, eskola mailako igeriketa lasterketa egin ahalko da Araneko kiroldegian.