Beka bi emango ditu Urdaibai Bird Center-ek
Aurten ere Urdaibain bertan egiteko ikerketa eta dibulgazio beka bi emango ditu Urdaibai Bird Center-ek, BBK Fundazioaren laguntzagaz. Gautegiz Arteagako zentroak zehaztu duenez, «langabezian dauden gazteei zuzendutako lan harremanik gabeko prestakunt...
Hiru dira beken helburuak. Batetik, «naturagaz eta ingurumenagaz zerikusia daukaten ikasketetan tituludunei prestakuntza praktikak egiteko aukera eskaintzea», eta, horretarako, «beteko diren lanak Urdaibai Bird Center-eko ikerketa lerroetan eta proiektuen dibulgazio zientifikoagaz erlazionatuta egongo dira». Bestetik, «gazteek prestakuntza esperientzia har dezaten, natur inguruaren ikerketan, dibulgazio zientifikoan eta habitataren erabilera eta kudeaketan» ariko dira. Hirugarrenik, pertsona horien lan munduratzea erraztea daukate helburu bekek; hain zuzen ere, «ikerketagaz, ekoturismoagaz, eta, azken finean, gaur egun etorkizun handia daukan Lan berdea deritzonagaz erlazionatuta dauden lanetan».
Bete beharreko baldintzak
Bekak eskatzeko baldintza batzuk bete behar dira: prestakuntza hasten den unean gehienez 25 urte izatea (apirilaren 1a), langabezian egotea, egoitza fiskala Bizkaian izatea, Biologia edo Ingurumen zientzietan unibertsitate titulua izatea eta BBK Fundazioak finantzaturiko praktiketako programetan aurretik parte hartu ez izana.
Horrez gain, hizkuntzak ezagutzea baloratuko dute; bai eta ornitologian, ekologian eta ingurune naturalari dagozkien gaietan esperientzia eta ezaguerak izatea ere. Urdaibaiko Biosfera Erreserbako balio naturalistikoei buruzko ezaguera izatea ere kontuan hartuko dute.
Bederatzi hilabete iraungo dute prestakuntza praktikek; apirilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean. Astean 30 orduko lan praktikak egingo dituzte bekadunek, goizez, arratsaldez edo goiz eta arratsaldez, baina inoiz ez gaueko txandan. Tutore bat edukiko dute zentroan, eta pertsona hori izango da praktikak ondo egiten direla egiaztatuko duena.
4.500 euro gordin jasoko dituzte bekadunek, bederatzi hilerokotan ordainduta eta ogasun publikoari egin beharreko dedukzioak eginda. Ordainketa pertsona onuraduna titularra den Kutxabank-eko kontuan egingo dute. Eskaerak martxoaren 22ra arte jasoko dituzte.