Mutriku izango da Emusik 2016 jaialdiko egoitza ofizialetako bat
Jaialdia Donostia 2016 Kultur Hiriburu egitasmoaren baitan dago kokatuta. Mutrikun bi emanaldi eskainiko dituzte. Mutrikuarrek antolaketa prozesuan parte hartuko duteEmusik 2016 Europako Musika Eskolen Jaialdiaren gonbidapena onartu eta gero, Mutriku j...
Jaialdia Donostia 2016 Kultur Hiriburu egitasmoaren baitan dago kokatuta. Mutrikun bi emanaldi eskainiko dituzte. Mutrikuarrek antolaketa prozesuan parte hartuko dute
Emusik 2016 Europako Musika Eskolen Jaialdiaren gonbidapena onartu eta gero, Mutriku jaialdi erraldoiaren egoitza ofizialetako bat izango da. «Egitasmo honi esker, Mutrikuren izena Europan zehar zabalduko da», nabarmendu du Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak.Funtsean, jaialdiak, 120.000 ikusle baino gehiago bilduko ditu Donostian datorren urteko maiatzaren 6tik 8ra. Oro har, 10.500 musikarik, 26 herrialdetatik etorritako 420 taldek eta mila ekitaldi baino gehiagok osotuko dute jaialdia. Herritarrek, bestalde, Europako leku ezberdinetatik etorritako gazteek interpretatutako musikaz gozatzeko aukera edukiko dute. «Aukera paregabea izango da kulturen eta lurraldeen artean ezagutzak eta esperientziak truka- tzeko», diote jaialdiko antolatzaileek.
Emusiken eta Mutrikuko Udalaren arteko elkarlana jasotzen duen hitzarmena sinatzeko, Palenzuela, Joxemari Etxaburu Mutrikuko kultur zinegotzia eta Mikel Mate Donostiako Udal musika eskolako zuzendaria elkartu ziren. Eurekin batera, Mutrikuko musika eskolako ordezkariak egon ziren, tartean, Roberto Bergara zuzendaria.
Jaialdi «entzutetsua»
Emusik Donostia 2016 Kultur Hiriburu egitasmoaren baitan egingo den «izarretako bat» izango dela aurreratu du Matek. «Jaialdia entzutetsua izango da Europa mailan».
Egingo diren emanaldi guztien artean, bi Mutrikun egingo dira, maiatzaren 6an eta 7an. «Europako hainbat herrialdetako 300 musikari etorriko dira Mutrikura, eta haiekin guztiekin batera ariko dira Mutrikuko musikariak ere». Hala ere, musikariez gain, herritar guztiek parte hartzea nahi dutela adierazi du Matek. «Guztiok dakigu abesten, guztiok daukagu musikari bat barruan… Guztiok batzeko moduko jaialdia izango da, eta batzera animatu nahi nuke jende guztia».
Prestaketak
Mutrikun egingo diren ekitaldiak Mutrikuko musika eskolak antolatu eta koordinatuko baditu ere, herriko gainontzeko musikariei ere (Mutrikuko Rock Kolektiboa, txistulariak…) jaira gehitzeko gonbitea helaraziko diete.
Momentuz, elkarlanerako hitzarmena sinatuta, prestaketetan ari dira antolatzaileak. Donostiako Anoeta estadioan, esate baterako, jaialdiari hasiera emateko ekitaldia egingo dute, eta horretan jaialdi osoan parte hartuko duten musikariak bildu nahi dituzte. Bide horretatik, aurten, hainbat hitzordu izango dute musikariek. «Mutrikuko musika eskolatik 100 lagun baino gehiagok parte hartuko dugu prozesu guztian», zehaztu du Bergarak.
Denaren gainetik, egitasmoa, herritarrentzat, eta, oro har, herriarentzat «esperientzia aberasgarria» izango dela azpimarratu du Palenzuelak. «Lan handia dago aurretik, baina Mutriku eta musikaren arteko lotura ezagututa eta herritarren izaera kontuan hartuta, ziur naiz erronka honi eutsiko diogula».