Udalak azken urteetako aurrekontu «positiboenak» aurkeztuko ditu
Inbertsioak herritarrei zuzenean eragiten dieten azpiegitura edo zerbitzuetara zuzenduko dira. Proposamena gaur azalduko dute, 19:00etan, Azkue aretoan2015erako aurrekontuaren lehenengo proposamena aurkeztuko du gaur, Lekeitioko Udalak, Azkue aretoan, ...
Inbertsioak herritarrei zuzenean eragiten dieten azpiegitura edo zerbitzuetara zuzenduko dira. Proposamena gaur azalduko dute, 19:00etan, Azkue aretoan
2015erako aurrekontuaren lehenengo proposamena aurkeztuko du gaur, Lekeitioko Udalak, Azkue aretoan, 19:00etan. Aurtengo plangintza ekonomikoari dagokionez proposatzen diren nondik norako nagusiak azalduko ditu udal taldeak, eta iradokizunak egiteko tartea izango dute herritarrek. Aurrekontu proposamena udal batzorde ezberdinetan egindako iradokizunekin eta urtean jasotako proposamenekin osatu dela azaldu dute.«Azken hiru urteetako aurrekontu positiboenak aurkeztuko ditugu bihar», azpimarratu du udalak. Izan ere, agintaldian hartutako neurri ekonomikoei esker, 2015ean hainbat inbertsio egiteko ahalmenean daudela aurreratu dute. «Betiere, udal honek herritarren beharrizanak lehenestuko ditu aurrekontuetan». Hori dela eta, inbertsioak herritarrei zuzenean eragiten dieten azpiegitura edo zerbitzuetara zuzenduko dituzte. «Barruko garapena bilatzen dugu, gure herritarren bizi kalitatea hobetzean egiten dugu apustu», diote.
7.630.473 euroko aurrekontua osatu du 2015erako Lekeitioko Udalak, eta hortik 707.9041 euro bideratuko dituzte inbertsioetara. Bestalde, Kultur Erakundeari 533.300 euroko ekarpena egingo dio udalak, gero kudeatu dezan, eta Kirol Erakundeari 413.000 eurokoa.
Hirigintza alorrean, 2015ean hainbat konponketa lan eraman nahi dituzte aurrera. Harbiatx plazako eta San Juan auzoko konponketak martxan jartzea dute asmoa, eta Agustindar komentuaren parkineko sarrera ere irisgarriagoa egin nahi dute. San Juaneko egokitzapena egiteko 101.033 euro aurreikusi ditu udalak. Harbiatx plaza konpontzeko, berriz, 15.000 euro.
Eraikin batzuk konpontzeko partidak ere aurreikusi dituzte aurrekontuetan. Kiroldegian, Abaroa Jauregian eta eremu horretako etxe txikian, Merkatu Plazan eta Apalloa 5eko eraikinean egingo dituzte hobekuntzak.
Kiroldegiari dagokionez, teilatua konpontzeko lanak eramango dituzte aurrera, «herritarrek kirol azpiegitura egokiak izatea lehentasunezkoa baita». Abaroa Gunean, berriz, hainbat inbertsio egin nahi dituzte, proiektuari bultzada emateko. «Alde batetik, Abaroa Jauregiko teilatua konpontzen hasiko gara, eraikinak kalte gehiago ez jasotzeko, eta bestetik, etxe txikia egonkortzeko lanak ere eramango dira aurrera», zehaztu dute. Horretarako guztirako 200.000euro izango dituzte.
Horrez gain, Merkatu Plazako eraberritze planekin aurrera jarraituko du udalak, eta 2015 aurrekontuekin behegaina hobetu nahi dute. Azkenik, Apalloa 5eko lokala konpontzeko obrak hasiko dituzte. «Asmoa oso leku egokian dagoen azpiegitura kultur baliabide bezala erabili ahal izatea da». 50.000 euro gorde dituzte obretarako.
Kultura, arlo estrategikoa
Kultur arloa estrategikoa da udalarentzat, eta, beraz, arlo hori indartzen jarraituko dute. «Bestelako turismo eredu bat sortu nahi izan dugu kulturari tiraka, baina ez hori bakarrik, kultura motore ekonomiko izan daitekeela ere aipatu dugu sarritan». Herritarrek Ikusgarri Aretoko alokairua eta bertako kultur programazioa positibotzat jotzen dutela dio udalak, eta beraz, kultur arloan lortutako maila mantentzea izango da aurtengo helburuetako bat. Hori horrela, Ikusgarri Aretoan hobekuntzak egingo dituzte; besteak beste agertoki osagarri bat jarriko dute ikuskizun handiagoak ekarri ahal izateko eta Zine Bileran alokatu beharra ez edukitzeko. Erosiko duten agertokiak, gainera, kalean egiten diren ekimen ezberdinetarako ere balioko du.
Musika Eskola ere, lehentasunezko proiektua da udal taldearentzat, «hezkuntza musikal kalitatezkoa eskaintzen diete-eta hainbat ikasleri». Beraz, eskola horrentzako laguntza ekonomikoa handitu dute apur bat, eta behar duten lekua eskaintzeko pausoak ematen jarraituko dutela adierazi dute.
Bestalde, «aurretik zegoen aisialdi zerbitzuaren balantze negatiboa ikusita, eta horrek udalari suposatzen zion diru kantitate itzela kontuan izanda», Palpalian prozesua jarri zuten abian 2013-2014 ikasturtean. «Bertatik, aisialdi zerbitzu egokiagoa definitu genuen, eta irailetik zerbitzu berria arrakastaz dago martxan. Zerbitzuak Lekeitioko haur, gazte eta guraso askoren babesa jaso du, eta erabiltzaile kopurua asko igo da», azaldu dute. Horregatik, aurtengo aurrekontuetan zerbitzua indartzeko diru kopurua ezarri dute, eta, gainera, beharrizan bereziak dauzkaten umeentzako begiraleak ere jarriko dira.
Udal zerbitzuak indartu
Udal zerbitzu batzuk ere indartu nahi ditu udalak: euskara teknikariaren jarduna igotzea proposatu dute; komunikazio ikuspegitik, webgune berria garatu nahi dute, denbora eta beharrizan berriei egokitzeko; ingurugiro alorrean, berriz, energia egitasmo alternatiboak landu eta auzokonpost gune berriak ezarriko dituzte; eta, azkenik, udaltzainentzako auto hibrido berria erostea ere adostu dute. «Dauzkaten ibilgailuak zaharkituta daude, eta berria erostea ezinbestekoa da. Hibridoaren aukera ikusi da egokitzat, ekologikoago delako, kontsumo gutxiago izateak onura ekonomikoa ere badakarrelako eta udaltzainak ematen dioten erabilerarako auto egokiagoa delako. Hau da, matxura gutxiago aurreikusten dira abiadura murriztuan elektrikoki bakarrik ibiltzen delako».
Azken urteetan, udalaren zorren amortizazioa asko aurreratu dela jakitera eman du udalak. «Horrek gastuak jaistea ekarri du, eta ekimenetarako tartea handitu egiten da ondorioz», azaldu dute.
Ogasun batzordean ere egin dute aurkezpena, eta oposizioak ere planteamendua jaso duela jakitera eman dute. Beraz, orain, aurrekontuak herritarrei azaltzea da udalaren asmoa. Horretarako, aurrekontu guztia jarri dute Lekeitioko Udalaren webgunean, herritarrek iradokizunak egin ahal izateko.
Jasotako iradokizunak aztertu ostean, hurrengo pausoa, udal osoko bilkuran plangintza onartzea izango litzateke, eta beharrezko tramitea pasa ostean, indarrean jarriko litzateke.