Zuhaitz Gurrutxagak bakarrizketa eskainiko du Ziortza-Bolibarren
Elgoibartarrak Futbolisto baten konfidentziak bakarrizketa eskainiko du zapatuan (otsailak 28) Ziortza-Bolibarren. Ikuskizuna eskaini eta gero, herriko euskara batzordeak herriko berba eta esaera zaharren lehiaketako sariak banatuko ditu.
Saioa herriko euskara batzordeak antolatuta dago eta 18:30ean hasiko da, udaletxeko areto nagusian. Oro har, Gurrutxagak futbolaria zen garaiko anekdotak kontatuko dizkie herritarrei, umorea oinarri hartuta. Elgoibartarra han eta hemen ibili da bakarrizketa eskaintzen; Lea-Artibaiko hainbat herritare ere egon da eta guztietan, herritarrek barre algara handiak bota izan dituzte. «Entretenigarria, ikustekoa eta erabat gomendagarria» dela esan izan dute.
Sari banaketa, ostean. Ikuskizuna gutxi gora behera ordu betekoa izango dela aurreratu dute antolatzaileek eta herritarrei animatzeko eta saioa ikustera gerturatzeko gonbitea egin diete.
Behin saioa egin eta gero, euskara batzordeak herriko berba eta esaera zaharren lehiaketako sariak banatuko ditu.
«Herriko berba asko galtzen doazela ikusita», lehiaketan abenduan abiarazi zuen herriko euskara batzordeak. Funtsean, «berba horrek batu eta bizi gehiago ematen ahalegintzeko» helburua eduki du lehiaketak.
Guztira hiru sari banatuko dituzte: Lehenengo saria tablet bat izango da, bigarrena bi lagunentzako afari bat eta hirugarrena Mihiluze jolasa.