«Ama izatea edo ez izatea aukeraketa bat dela aldarrikatu nahi dut»
Emakume izateko ez dela zertan ama izan behar azalduko du Malen Aldalur mutrikuarrak eguaztenean, Etxelilan; hitzaldia Uxuk antolatuta dago, eta 19:00etan hasiko da.Eta ama izan nahi ez badut? izenburua dauka hitzaldiak. Txarto ikusita al dago ba ama e...
Emakume izateko ez dela zertan ama izan behar azalduko du Malen Aldalur mutrikuarrak eguaztenean, Etxelilan; hitzaldia Uxuk antolatuta dago, eta 19:00etan hasiko da.
Eta ama izan nahi ez badut? izenburua dauka hitzaldiak. Txarto ikusita al dago ba ama ez izateko hautua egitea?Argia-n artikulu bat idatzi nuen, eta horretan aipatzen nuen, nik 22 urterekin, ama izateko presio moduko bat sentitzen nuela. Nolabait esateko, emakumea bazara, amatasuna barruan daramazula pentsatzen dute askok; aitatasuna eraiki egiten dela uste da eta amatasuna naturala dela. Konturatu nintzen, nire lagunekin berbetan, ama izatea aurreikusten zutela. Nik, baina ama izatea ez nuela aurreikusten esan nuen, ez etorkizun hurbilean ez eta urrunean ere. Momentu batean neure burua ring baten ikusi nuen, ama zergatik izan nahi ez nuen argudioak ematen. Gaur egun oraindik ama izatea ez da aukera bat bezala ikusten. Hitzaldian hortik joko dut.
Emakume izateko ez duzu zertan ama izan behar.
Hori da. Emakume izatea eta ama izatea ez daude lotuta. Baina badirudi baietz. Eta ama izaten ez bazara, osatu gabeko emakumea bezala geratzen zarela dirudi. Hori ez da horrela.
Aurretik gai honen inguruko hitzaldirik eskaini duzu?
Ez. Lehen aldia da horrelako hitzaldi bat eskainiko dudana, baina ondo ateratzen bada, gero Mutrikun eskaini nahiko nuke.
Zure inguruan, baina, aukeraketa horren inguruan hitz egin duzunean, zer sentsazio jaso duzu?
Askotan, jendearen joera da «lasai, etorriko zaizu gogoa» esatea. Eta baliteke, baina baliteke ez etortzea.
Ez al zaizu iruditzen, askok, ama izan nahi ez duen bat aurrean dutenean, penaz begiratzen diotela?
Bai, bai. Jendeak pentsatzen du ama izatea kristona dela. Eta, noski, norberak ama izan nahi ez duela esatean, pena handia hartzen dute. Haientzat hain da handia, ze pena sentitzen dutela.
Hitzaldia ama direnei eta ama ez direnei zuzenduta egongo da, ezta?
Bai, noski. Hitzaldia guztiei zuzenduta dago. Azken finean, hitzaldiaren helburua ama izatea edo ez izatea aukeraketa bat dela aldarrikatzeko da. Nik ez dakit izango naizen edo ez, baina, behintzat, utz diezadatela aukeratzen. Bide horretatik, ama izan nahi dutenei, izan nahi ez dutenei… hitzaldira etortzeko gonbidapena egiten diet.
Askotan hitz egiten da ama izateko aukerei buruz. Baina oso gutxitan ama ez izateari buruz.
Hori da. Askotan hitz egiten da familia ereduei buruz (bi ama, ama eta aita…), baina oso gutxitan hitz egiten da ama izan nahi ez dutenei buruz. Eta kasuren batean ere, ama noiz izango zaren galdetzean, «helduko zait momentua», edo «oraindik ez, aurrerago»… Erantzuten dute emakume batzuk. Eta, agian, horrela da, baina, agian, ez du ama izan nahi. Horren aurrean, ama izan nahi ez duela esatea ez dela ezer larria esango nieke.
Aukeraketa hori egiten dutenek, beraz, ezezkoa erantzuteko indar falta izaten dute?
Bai. Baliteke momentu konkretu batean erantzun hori ematea, eta, gerora, ama izatea. Erabakiak etengabe aldatzen ditugu. Errespetua da aldarrikatzen duguna. Aitatasunaren kasuan, esaterako, ez da horrelako presiorik egoten. Behintzat, ez da horrenbeste aldiz galdetzen. Nik 22 urte ditut, eta galdera hori behin baino gehiagotan egin izan didate. Badirudi emakume guztiok ama izan nahi dugula. Aitatasunaren kasuan, aldiz, sozialki eraikitzen dela ulertzen da. Bada, modu berean, amatasuna ere sozialki eraikitzen da. Gizon bat deskribatzen denean, seguruenik, aitatasuna ez da mahairatzen. Emakumearen kasuan bai. Errealitate hori tristea dela deritzot.