Ibon Iparragirrek gose greban hasteko asmoa agertu die senideei
Azken hilabeteotan 30 aldiz lapurtu diote, eta egunero mehatxu eta irainak jasaten ditu. Presoa «berehala etxeratzeko» eskatuko du plataformak gutun bidalketa masiboagazIparra Galdu Baik plataformak adierazi duenez, azkenaldian espetxean bizi duen «...
Azken hilabeteotan 30 aldiz lapurtu diote, eta egunero mehatxu eta irainak jasaten ditu. Presoa «berehala etxeratzeko» eskatuko du plataformak gutun bidalketa masiboagaz
Iparra Galdu Baik plataformak adierazi duenez, azkenaldian espetxean bizi duen «egoeraz nazkatuta» dago Ibon Iparragirre. «Bizi duen ezintasun egoerari konponbide bat ez bazaio ematen gose greba hasteko asmoa erakutsi dio familiari. Amak egoteko esan dio, bideratuko dela, gose grebak txikitu egingo lukeela eta».Iparragirreri edozer gertatzen bazaio «errua» Angel Yusterena eta Jose Luis Castrorena izango litzatekeela ohartarazi dute Iparra Galdu Baik plataformako kideek. «Nola dagoen jakinda, etxera bidali beharrean, Navalcarneroko erizaintza modulutik atera eta Alcala Mecoko modulu arruntean sartzea agindu eta baimendu dute. Batak, espetxe politika mendeku tresna bihurtuz, Ibon heriotzaren muturreraino eramateagatik; eta besteak, auzi honen giltza eskuetan edukita Ibonen sufrikarioa etengabe luzatzeagatik».
Plataformak nabarmendu duenez, preso politiko ondarrutarraren oinarrizko eskubideak egunero urratzen dituzte, «bizitza bera jasanezina bihurtu arte». Presoaren esanetan, Alcala Mecon (Madril, Espainia) daramatzan hiru hilabeteetan 30 aldiz egin diote lapurretan gutxienez, eta egunero, mehatxuak eta irainak jasaten ditu dominikar talde baten aldetik. «Espetxezainek ondo baino hobeto ezagutzen dute egoera hori, eta ez dute ezer egiten konpontzeko».
Hori guztia kontuan edukita, plataformak preso ondarrutarra etxeratzeko eskatuko duen gutun eta telegrama kanpaina berri bat martxan jartzea erabaki du. Gutunak eta telegramak honako helbideetara idatzi daitezke: Angel Yuste Castillejo -Direccion General de Instituciones Penitenciarias (Alcala 38-40, 28014, Madrid). Jose Luis Castro Antonio -Juzgado de Menores y Vigilancia Penitenciaria (Luis Cabrera 9, 28002, Madrid).
Otorduetan
Azken hiru hilabeteotan denetarik ostu diote: janaria, galtzerdiak, telebistaren kablea… Orain dela egun batzuk bi preso bere ziega barruan lapurtzen ere aurkitu zituzten. Orain dela hilabete, esate baterako, ordezko haginak lapurtu zizkioten. «Horrek zera adierazten du: sistematikoki lapurtzen diotela, lapurtutako objektuaren premia eduki al ez. Hori guztia buruko gaixotasun larri eta sendaezina jasaten duen pertsona bati egiten diote, legearen eta justiziaren izenean? Hauek dira modulu arruntean kiderik barik egotearen ondorioak».
Lapurretan egin dioten azken aldia, aurreko astean izan zen. Presoak gosari, bazkari edo afariaren bila joaten direnean ziegak irekita gelditzen dira, eta Iparragirreri denbora tarte horretan osten diotela salatu dute. Ondarrutarraren ziega, hain zuzen, irekitzen duten lehenengoa eta zarratzen duten azkena dela nabarmendu du plataformak. «Irekita denbora gehien egoten den ziega berea da. Dutxatik urrutien dagoen ziega ere berea da, eta ez lapurtzeko, esate baterako, azken 15 egunotan behin dutxatu da bakarrik. Batzuetan norbait aurkitzen du ziega zaintzeko bera kanpoan dagoen bitartean, baina hori beti ere ez da posible izaten. Ziegako atea irekita uztea erabakitzen badu, ziegatik ateratzen den bakoitzean, lapurtu egiten diote. Eta ziegako atea itxita uztea erabakitzen badu, ostera, ziegara itzultzeko eskubidea galtzen du».