Etxebarriko lursail bat berreskuratuko du Lurgaia Fundazioak
Etxebarriko lursail bat berreskuratuko du Lurgaia Fundazioak boluntarioen laguntzagaz. Pinadia zegoen lekuan bertako basoa landatzen hasiko dira zapatuan. Ingurumen-boluntaritzako jardunaldia izango da. Hau da, nahi duen guztiak parte hartu ahalko du b...
Egitasmoa fundazioak baso autoktonoak babestu eta berreskuratzeko duen Quercus Programaren baitan dago. Lursailen kudeaketa bereganatzen dute, lurrak erosiz, edo haien jabeekin lagapen-hitzarmenak sinatuz, lurraldearen zaintza deritzona, alegia, eta berreskuratu egiten dituzte. Azken horietako bat, zaintzako hitzarmen bat egin berri dute aurten, Etxebarrian, eta baso hori da, hain zuzen, zapatuan bertoko zuhaitzekin landatzen hasiko direna.
Lurgaia Fundazioak jardunaldi horretan parte hartzeko gonbitea egin diete nahi duten boluntario guztiei. Horrela, zapatuan, 09:30ean, Etxebarriko Galartza industrialdean elkartzeko deia egin dute. Jardunaldia egun erdikoa izango da, eta erabili beharreko material guztia (eskularruak, lanabesak…) fundazioren kontura izango dira. «Oso gomendagarria da oinetako egokiak eramatea, uretako nahiz mendiko botak», aitatu dute.
Izena ematea, ezinbestekoa
Quercus Programaren eta Lurraldearen Zaintzaren nondik-norakoak azalduko dituzte lehenengo, bai eta bertako basoen leheneratzeak berekin dakartzan hainbat kontu ere. Zeregin nagusia, baina, baso mistoan bertako espezieetako zuhaitz eta zuhaixkak, «jatorria zeharo bermatua dutenak» aldatzea izango da.
Jardunaldian parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman behar du, ezinbestean. Izena, telefonoz edo posta elektronikoz eman daiteke, barikuko 18:00ak baino lehenago. 94-657 61 10 telefono zenbakira deitu edo info@lurgaia.org helbide elektronikora idatzi behar da.