LAB: «Politikan erabakitzeko ahalmena behar luke langileriak»
Gutun Soziala kontuan hartzeko eskatuko diete sindikatu eta gizarte eragileek instituzioei martxoaren 14an Bilbon egingo duten manifestazioanElkarretaratzeak egin ditu LAB sindikatuak egunotan, Euskal Herriko eskubideen Gutun Soziala aldarrikatzeko. Er...
Gutun Soziala kontuan hartzeko eskatuko diete sindikatu eta gizarte eragileek instituzioei martxoaren 14an Bilbon egingo duten manifestazioan
Elkarretaratzeak egin ditu LAB sindikatuak egunotan, Euskal Herriko eskubideen Gutun Soziala aldarrikatzeko. Era berean, martxoaren 14an Bilbon eta Iruñean egingo dituzten manifestazioak iragarri dituzte. «Erasoak leku guztietatik hartzen ditugun honetan, alternatibak egon badaudela zabaldu nahi dugu», Busturialdean eta Lea-Artibain LAB sindikatuko ordezkari Aitziber Barandikak azaldu duenez. «Eta, Gutun Sozialak jasotzen duen legez, langileek ere politiketan esku hartzeko ahalmena behar luketela aldarrikatzen dugu». Politikariek krisi egoera baretzen doala zabaldu duten arren, herritarren eta langileen egoera oso bestelakoa dela dio LABek: «Langabezia tasak bere horretan darrai, langileak modu prekarioan ari dira lanean, eta pobrezian murgilduta daude».Horregatik, 2013ko maiatzaren 31n onartu eta 2013ko ekainaren 14an aurkeztu zuten Gutun Soziala aldarrikatuko dute, kalean. Hainbat gizarte eragilek eta sindikatuk adostutako testu hori aintzat hartzeko sasoia dela uste dute; «alternatibak badaude, eta politikak beste modu batera antolatzea ere badago». Hori dela eta, karta sozialak jasotzen duena aintzat hartzeko eskatuko diete euskal instituzioei martxoaren 14an egingo dituzten manifestazioetan.
16 puntu
Hamasei puntu bildu zituzten sindikatu eta gizarte eragileek, eta programa sozial bat adostu zuten. Besteak beste, ondasunnaren banaketa aurrekontu eta politika fiskalaren bidez bideratu behar dela jasotzen du gutunak, eta neurri ezberdinak har daitezela eskatzen du. Enpleguaren kalitatea, eta enplegu kalitate horretatik bizi ahal izateko neurriak hartu behar direla ere badio Euskal Herriko eskubideen Gutun Sozialak. Adibidez, erretiratzeko adina jaistea; 35 orduko lanaldiak zehaztea eta ordu estrarik ez egitea; «azken finean, lana banatzea». Barandikak dioenez, neurri zehatzak dira gutunak biltzen dituenak, «Euskal Herrian kalitateagaz bizi ahal izateko neurriak behar direlako». Horregatik, bestelako gaien inguruan ere adostasunetara heldu ziren Gutun Soziala eratu zutenak, eta fracking-ari edota Ttip-ari Euskal Herriak ezetz esan beharko liekela diote sinatzaileek.
Mobilizatzeko deia
Bestelako politikak eginez egoerari buelta eman nahi diotela azaldu du Barandikak. «Horretarako, baina, langileei ere politika horietan erabakitzeko ahalmena aitortu behar zaie, eta hori aldarrikatuko dugu martxoaren 14an». Hala, langile eta herritarrei Bilbon egingo duten manifestazioan parte hartzeko dei egin die Barandikak.
Debabarreneko LABek ere dei egin die mutrikuarrei Bilboko edo Iruñeko manifestazioetan egoteko. Gainera, LABek ordezkaritza duen enpresetan propaganda kanpaina bat egingo du, Gutun Sozialaren edukiak ezagutzera emateko eta langileak manifestaziora joatera animatzeko.
Mobilizazio koloretsua eta alaia izango dela azaldu dute deitzaileek. Sektore bakoitzak kolore bat erakutsiko du: langileek gorria, ekologistek berdea, mugimendu feministak morea…
Bilboko manifestaziora joateko, gainera, Ondarroatik eta Lekeitiotik autobusak antolatu dituztela jakinarazi du Barandikak. Ondarroan Kulixka eta Anaitasuna tabernatan eman behar da izena, eta Lekeition, Galarrena eta Arritxu tabernatan.