Euskal puntistarik onenak batuko ditu I. Berdel txapelketak
Euskal Herri osotik etorritako 16 parte hartzaile izango ditu txapelketak; horietatik bederatzi Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko jokalariak diraZesta-puntari indar bultzada emateko asmoarekin sortu da Mutrikuko I. Berdel Afizionatuen Txapelketa. ...
Euskal Herri osotik etorritako 16 parte hartzaile izango ditu txapelketak; horietatik bederatzi Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko jokalariak dira
Zesta-puntari indar bultzada emateko asmoarekin sortu da Mutrikuko I. Berdel Afizionatuen Txapelketa. Hain zuzen ere, txapelketa berriak Tolosako Beotibar Zesta Punta elkarteak hasitako afizionatu mailako txapelketari jarraipena emango dio.Euskal Herrian erreferente izan nahi duen txapelketa abiatzea dute helburu Danok Bat Pelotazale elkarteko kideek. «Hau hasiera besterik ez da. Hurrengo urteetan ere txapelketari jarraipena eman nahi diogu, eta denborarekin maila gazteagoetara ere zabaldu».
Txapelketaren antolatzaileek nabarmendu dutenez, zesta-punta «dagokion lekuan» jarri beharra dago berriro. «Zesta-punta garai berri batean sartzera doa, edo horretan saiatu gara. Euskal Pilota Federazioaren eskutik proiektu berri bat bultzatzera goaz, eta horretan murgildu gara Euskal Herriko elkarte pilotari profesionalen gehiengoa».
Ordezkaritza zabala
Euskal Herriko pilotariek ordezkaritza izango duen punta-puntako afizionatu txapelketa izango da Mutrikukoa. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, «kalitate handiko puntistak» ikusteko aukera izango dute Miruaitz frontoira gerturatzen diren pilotazale guztiek. «Parte hartuko duten puntisten artean, gainera, mundu mailako txapeldunak izango ditugu».
Denetara Euskal Herri osotik etorriko diren 16 parte hartzaile izango ditu txapelketak; zortzina aurrelari eta atzelari. Tartean, Lea-Artibaiko eta Busturialdeko zazpi ordezkarik jokatuko dute, Berriatuko Alberdik, Ibaik eta Ubillak; Markina-Xemeingo Zabalak eta Gernika-Lumoko Barandika, Roke eta Lekerikak. Horiez gain, Mutrikuko Jon Goenaga aurrelaria eta Aitor Andonegi atzelaria ere txapelketan egongo dira, onenen artean.
Pilotariak aukeratu eta bikoteak osatzeko ardura Jon Mendizabal Goixerri-k eta Felix Espillak izan dute. Bikoteen arteko lehiari dagokionez, zozketa bidez egin da.
Doako sarrera
Txapelketa motza izango da; martxoaren 8an hasi eta martxoaren 28an amaituko da, Mutrikuko Berdel Egunean, alegia.
Martxoaren 8 eta 15ean, final-laurdenak jokatuko dira, eta martxoaren 22an, finalerdiak. Final laurdenak eta finalaurrekoak hiru setera jokatuko dira; lehen biak 15 tantora, eta hirugarren bat beharko balitz, 5 tantora. Martxoaren 28an jokatuko den finalari dagokionez, 30 tantora jokatuko da. Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida, aldiz, 25era izango da.
Jokatuko diren partida guztietarako sarrera doakoa izango da, eta jendea pilotalekura gerturatzera gonbidatu dute Danok Bat elkartekoek. «Zesta-punta indartzeko beharra dugu. Pilotazale guztiak ongietorriak izango zarete».