Testua: Berria
Disney, Clan, Boing, Violeta, Bob Belaki… Euria etengabe ari du Euskal Herriko haur eta haien gurasoen gainean, erdaretan, eta, batzuetan, «balio eztabaidagarrietan», Joxe Mari Agirretxe
Porrotx-ek dioenez. Kanpokoari ezin mugak jarri, baina bazegoen Euskal Herritik, eredu bat sortzea, «euskaratik, geure balioetatik eta auzolanetik». Horrela sortu zuten Agirretxek eta haren lankideek Irrien Lagunak elkartea,
irrienlagunak.com gunea eta
Irria aldizkaria, besteak beste. Dagoeneko 5.000 harpidedun ditu aldizkariak. Haurrentzako argitalpena zabaltzen lagundu dituztenei Irrizale saria eman zieten atzo Albaola itsas faktorian, Pasaian (Gipuzkoa).
Denera, 25 sari banatu dituzte. Zortzi udal, Markina, Ondarroa (Bizkaia), Arbizu (Nafarroa), Lezo, Oarsoaldea, Pasaia, Zarautz, Zestoa (Gipuzkoa). Bederatzi ikastetxe, tartean Aramaiokoa (Araba), Baztangoa (Nafarroa), zein Durangoko Kurutziaga (Bizkaia), Errenteriako Bizarain eta Koldo Mitxelena, Pasaiako Karmengo Ama, Orioko Zaragueta (Gipuzkoa). Horrez gain, Egia Auzoa elkartea (Donostia) saritu zuten, Lotura Films, Irizar eta Factory enpresak, Txatxilipurdi eta Amarauna aisialdi elkartea,
Hik Hasi aldizkaria, Albaola bera eta Julen Tokero diseinatzailea.
Irrizale saria jaso dutenak, Irrien Lagunen klubeko ordezkariekin.
Bizipoza Auzolan liburua hartu dute opari saridunek. Gaur, gizarte ekintzan dabiltzan 26 elkarte daude Irrien Lagunak klubean hainbat alor lantzen: familia eredu ezberdinak, gaixotasunak, nazioarteko lankidetza… Horien inguruko abesti eta ipuinekin osaturiko liburua da.
Albaolako haritz enborren artean eman dituzte sariak, izan ere, San Juan XVI. mendeko galeoiaren kopia eraikitzen ari dira aldamenean, eta, horretarako, piezak han bertan lantzen dituzte ontzigileek.
Irrien Lagunak egitasmoaren bultzatzaileak daude Porrotxekin: Elkarreko Olatz Osa, Mikel Arrieta BERRIAkoa, eta, ekitaldiaren anfitrioi gisa, Albaolako Jon Maia eta Xabier Agote.
Entziklopedia, abian
Haurrentzako komunikazio egitasmo batekin egiten zutela amets azaldu du Osak.
Irria aldizkaria izan zen amets horren emaitza duela lau urte. Osasuntsu dabil: 2014an, krisiaren gorrian, 1.400 harpidedun irabazi zituen.
Markina-Xemeingo udal ordezkariak, Irrien Lagunen ordezkariekin batera.
Largabista, Ane pirata, Marikalanbre, Tiritatxo pertsonaiak sortu ditu Irrien Lagunak klubak, eta, horiekin, ikuskizunak. Urtero 115 emanaldi inguru egiten dituzte Euskal Herri osoan, eta horietako gehientsuenak, hezkuntza munduko erakundeak eta udalek eskaturikoak dira. Besteak beste, hori eskertu nahi izan dute ekitaldiarekin. Dagoeneko 65 udal, 116 ikastetxe, sei enpresa eta hiru elkarte dira irrizale. «Ametsa zabaltzen arituko gara aurrerantzean ere », iragarri du Osak. Zarauzko (Gipuzkoa) Udala duela hiru urte egin zen irrizale, Gari Berasaluze euskara zinegotziak azaldu duenez. Eskoletan, 3-8 urteko haurren geletan
Irria aldizkaria izatea ziurtatu dute, eta elkarlanean aritu dira Irrien Lagunekin urtean zortzi bat jai antolatzeko, balio batzuen inguruan: «Ingurumenaren, euskaren, parekidetasunaren eta kultur aniztasunaren alde».
Eta udaberrian, Euskal Herriaren Historiaren inguruko «entziklopedia» bat agindu du Porrotxek. Horrez gain, herri hezitzaile eta eskola herritarren mugimendu bat osatzen ari dira, «beste eredu batean bizi ahal izateko». Gauzak orain arte haurrentzat, familientzat gazteentzat egin dira, baina «
-entzat egiteari utzi, eta
-ekin egiten hasi nahi dugu». Irrien Lagunak kluba horretan dabil. Erdararen ozeanoan ito gabe ibiltzeko ontzia eraikitzen, irriolan.
EKITALDIKO ARGAZKI GALERIA