MugertzaII eta AtutxaII, 2014 Urrezko Aizkora finalean. Argazkia: Egursport
Ugaitz Mugertza aizkolari mutrikuarrak Urrezko Aizkoraren binakako finala jokatuko du Aitzol Atutxarekin batera, domekan [martxoak 8]. Mutrikuarrak eta dimoztarrak osatutako bikoteak iaz titulu bera irabazi zuen, eta aurten ere titulua bigarrenez irabazten saiatuko dira Azpeitian egingo den proban.
XV. Eusko Label sariko urrezko kategoriaren binakako finalean aurkari indartsu eta gogorren aurka neurtu beharko dituzte indarrak. Jon Rekondok eta Ander Erasunek beraien lehen finala jokatuko dute, eta nafarren aurkako norgehiagoka ez dela batere erraza izango nabarmendu du Mugertza IIak. “Bi gazteak lehenengo mailan ari dira jokatzen. Nire ustez, oso final estua izango da. Irabaztea ez da lan erraza izango”.
Bigarren Urrezko Aizkora irabazteko gogotsu irtengo du iazko bikote irabazleak. “Titulua mantentzen saiatuko gara. Dudarik gabe, irabazterza aterako gara. Azkar hasteko asmoa dugu, eta gerokoan, azken probarako indarrak gordetzen saiatuko gara”.
Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa iazko finalean. Argazkia: Egursport
Sei proba desberdinetan banatuta,
16 enbor moztu beharko dituzte bi bikote aurkariek. Lehen proban, 45 ontzako enbor bat kolpeka moztu beharko dute. Bigarrenean, erlojuaren aurka egin beharreko proban, 45 ontzako bi enbor moztu beharko dituzte. Hirugarrenean, kana-erdiko enbor bat zutik moztu beharko dute. Laugarren edo abiadura proban, kana-erdiko enbor bi moztu beharko dituzte. Bosgarren proban, aldiz, 45 ontzako enborra zutik eta kana-erdiko enbor bat etzanda moztu beharko dituzte. Azken proban, denetara, zortzi enbor lan erdira moztu beharko dituzte. 45 ontzako bi enbor, kana-erdiko lau eta 60 ontzako bi.
Mugertzaren iritziz, probarik “erabakiorrena” azkena izango da. Etzandako zortzi enbor moztu beharko dituzte, eta erresistentzia beharrezkoa izango da. “Proba luze, gogor eta nekagarria izango da. Bertara ondo ailegatzea garrantzitsua izango da. Ordu laurden inguruko lana egin beharko dugu, eta hortxe segundo batzuk ateratzeko aukera izango dugula uste dut. Azken proban irabazi ahal diren segundoek finala irabazi edo galtzeko garrantzia handia izango dute”.