Denboraldiko lehen berdela nahikoa merke saldu da bentalekuetan
Asteon, berdel kanpainako lehen berdel aleak porturatu dituzte Bermeoko eta Ondarroako portuetan. Arrantzaleek berdel asko ekarri dute azken egunotan.Denboraldia estreinatzen lehenak bermeotarrak izan dira. 17 ontzik 71.000 kilo berdel ekarri zituzten....
Denboraldia estreinatzen lehenak bermeotarrak izan dira. 17 ontzik 71.000 kilo berdel ekarri zituzten. Martitzenean, ostera, ondarrutarren txanda izan zen. Denetara 96.000 kilo porturatu ziren Egidazu kaian.
Marinelek adierazi dutenez, gainera, nahikoa hurre harrapatu dute berdela, Lekeitio parean; kostaldetik hamar bat miliatara.
Arrantzaleak pozik agertu dira berdel denboraldiko lehen arrantzuekin, baina bi kofradietako arduradunek azpimarratu dutenez, «nahikoa merke» saldu da berdela; 60 zentimo inguruan. «Ezkabietan etorri den arraina saldu da merkeena, eta kaxa txikietan ekarri dutena, ostera, zer edo zer garestiago saldu da», azaldu dute Ondarroako Kalare Deuna kofradiako arduradunek.
Antxoa ere bai
Berdelaz gain, antxoa ale batzuk ere harrapatu dituzte asteon. Eguaztenean, 1.000 kaxa antxoa sartu ziren Ondarroan, eta «prezio ederra» egin zuela nabarmendu dute Kalare Deuna kofradiako ordezkariek. 4 eta 3,5 euro artean saldu zen bentalekuan.
Hiru baxurako ontzik arrantzatu zuten antxoa, Santoña (Kantabria) parean. Tamaina politekoa izan zen gainera, kiloko 44-46 alekoa. Arrantzaleen esanetan, «bidezko prezioetan» saldu zuten. «Egunkari batzuetan antxoak prezio eskasa egin zuela argitaratu baldin bada ere, hori ez da horrela. Ez gaude bat ere ados baieztapen horregaz», kexatu dira.
Bermeori dagokionez, antxoarik ez dute porturatu. «Batez ere berdela ekarri dute», adierazi dute kofradiako arduradunek.
Eguraldi txarra
Atzo, ostera, ontzi asko portuan lotuta geratu ziren Bermeon eta Ondarroan. Amuko ontziak atera ziren bakarrik. Iparraldeko haizeak eraginda, eguraldi txarra zegoelta eta, ardoreko edo sareko ontziek ez itsasoratzea erabaki zuten.
Ondarroako kasuan, esaterako, Mutrikuko amuko itsasontzi bat eta Ondarroako hiru itsasoratu ziren.