Emakumeen Artean erakusketa.
Diziplina, ibilbide eta adin ezberdinetako emakume sortzaile asko daude Markina-Xemeinen, baina sarritan gertatu ohi den modura, lan hori gutxi ezagutzen da, edo ia ikustezina da norbere etxean. Kanpoan ezagunago dira herrian baino, eta beste ingurune batzuetan txalotzen den lana ohartu gabe pasatzen da ingurune ezagunean.
Herriko sormena eta sortzaileen lana baloratzea helburu, eta zehazki herriko emakume sortzaileen lana bistaratzeko asmoz, Markina-Xemeingo hamabi emakume sortzaile protagonista dituen erakusketa zabal-
duko da gaur, martxoak 6, 20:00etan, Oruetako etxean.
Diziplina ezberdinetako sortzaile, ekintzaile eta artistak dira Uhagon Kultur Elkartearen ekimenez elkartu eta bide batez ezagutzera emango direnak. Batzuk, gehienak, hasiberriak dira, edo denbora gutxi daramate sortzaile gisa. Beste batzuk, ordea, ibilbide oparoa eta errekonozimendu profesional garrantzitsua daukate.
Arte plastiko eta bisualari dagokionez, bost artisten lanak egongo dira ikusgai: Ane Arakistain Hidalgorenak, Iratxe Jaio Gomez de Segurarenak, Irma Azpitarte Mandiolarenak, Nerea Unanua Otxoantesanarenak eta Sinead Meagher Camposenak.
Hiru diseinatzaile ere batu dituzte, euretako bat nazioartean ezaguna den Alicia Rueda Muñoz moda diseinatzailea. Areli Egia Gamezen lanak eta Amaia Olasolo Larrinagaren zilarrezko bitxiek ere leku berezia izango dute erakusketan.
Bestalde, entzumenari ere goza arazteko, Edurne Egia Gallastegi soprano lirikoaren lana eta Maddi Txurruka Duralde musikariarena azpimarratuko dituzte. Eta horien alboan, bertsolari bi ere nabarmenduko ditu Emakumeen Artean erakusketak: Iratxe Ibarra Foruria eta Nerea Ibarzabal Salegi.
Emakumeen Artean erakusketa.
Aurtengo erakusketa lehenengo pauso bat besterik ez da izango. Hurrengo urteetan ere, sormenari lotutako ekimen gehiago antolatu nahi ditu Uhagon kuturguneak. «Eta aurtengo erakusketa hau horretan hasteko lehenengo pausoa baino ez izatea nahiko genuke», aitatu dute. Izan ere, gaur inauguratuko duten erakusketan, herriko emakume sortzaile batzuk baino ez dutela parte hartzen azpimarratu dute. «Espazio, denbora eta baliabide faltagatik mugatu behar izan ditugu parte hartzaileen kopurua, bai eta diziplina artistikoena ere», azaldu dute. Hurrengo erakusketetan egingo diete lekua beste artista eta sortzaile batzuei.
Inaugurazioa
Emakume Artean mugituko den erakusketak, hasiera ere berezia izango du. Gaurko estreinaldian parte hartuko dute sortzaile eta artistetako batzuk, eta, beraz, egileen eskutik egongo da euren lana ezagutzeko aukera.
Horrez gain, Iratxe Ibarra bertsolariak bertso batzuk eskainiko ditu, eta Maddi Txurruka musikaria eta Edurne Egia sopranoa zuzenean entzuteko aukera egongo da. Lanak ikusi eta mokadutxoa hartzeko aukera ere eskainiko dutela aurreratu dute Uhagon kulturgunekoek.
Gaur bertan, irekiera ekitaldira joaterik ez duenak, baina, izango du erakusketa ezagutzeko aukerarik. Martxoaren 21era arte egongo da zabalik, astelehenetik zapatura, 18:00etatik 20:00etara.
Erakusketak irauten duen bitartean, egitasmoari lotutako ekintzak antolatuko dituzte protagonistek, Soutage teknikagaz bitxiak egiteko erakustaldia, besteak beste.