Nautika eraikineko fatxada eraberritu du Lekeitioko Udalak
Nautika eraikina egonkortzeko konponketa lanak egin ditu Lekeitioko Udalak. Eraikinaren fatxada eraberritu dute batez ere: leiho berriak jarri dituzte eraikin osoan eta leiho-ateak margotu eta garbitu dituzte. Horrez gain, fatxadan margoketa lanak egin...
Lan horiekin, Nautikako eraikinaren efizientzia energetiko egokiagoa lortu nahi du udalak. «Leihoen egoera dela-eta ez baitzegoen tenperatura egoki bat mantentzerik», zehaztu dute. Horrez gain, isolamendu akustikoa ere hobetzea izan dute helburu. «Bertako erabiltzaileak kontuan izanda eta dagoen lekuan egonda, inguruko auzotarren bizi kalitatea hobetuko da modu horretan».
Nautikako eraikinak erabiltzaile ugari ditu gaur egun. Bertan dago musika eskola, baina baita txistulariak, Estudiantina, Txaranga, Itsasoinua, Lekeitioko Musika Banda eta Aittitta Txiki ere.
Egindako konponketa lanekin erabiltzaile horien egoera hobetu nahi izan dutela jakitera eman du Lekeitioko Udalak. «Kultur egitura egonkor eta indartsu bat ezartzeko pauso ezberdinak eman ditugu agintaldi honetan, eta Nautikan egindako obrak horren adibide bat gehiago dira», aipatu dute.
Eraberritze lanetarako 53.212,17 euroko aurrekontua eduki du udalak, eta hortik 6.123 euro Hazi EVE-tik jaso dituztela jakitera eman dute.