Urteurreneko ospakizunei hasiera emateko, Barakaldoko Porco Bravo eta Irungo Estricalla taldeek kontzertu potentea eskainiko dute gaur, 23:00etan, Beikozinin. Sarrerak salgai daude, 8 eurotan.
Porco Bravo Barakaldoko taldea
Gaurkoa hasiera baino ez da izango. Izan ere,
Radixu Irratiak 24. urteurrena goi-goitik ospatuko du. Gaurko kontzertuak eta gero, datorren astean,
Radixukoek Portuko Ranpan beste kontzertu saio bat eskainiko diete herritarrei. «Berez, urteurren jaia Gabonetako oporren inguruan ospatzen genuen. Baina aurten, Radixu Irratian teilatua konpontzen ari direla eta, urteurrenagaz lotutako ekitaldiak atzeratzea pentsatu genuen», azaldu du Txomin L. Aramaio Radixu Irratiko kideak.
Teilatuko lanak orain gutxi amaitu badituzte ere, oraindik,
Radixu Irratia ez dago bere ohiko lokalean. «Oraindik beheko solairuan gaude eta programa batzuk egiten ditugu».
Horrela ba, Radixuk berez daukan lokala ondo-ondo antolatu eta hedabideak duen material guztia udaletxe zaharreko teilatura pasatze dutenean, programazio berria-eta aurkeztuko dituztela diote.
Gora behera guzti horiekin, baina,
Radixukoak pozik daude. «24 urte eta gero teilatua konpondu digute!».
Eta beti egin izan duten moduan, urteurrena indartsu ospatuko dute.
Gaurko kontzerturako sarrerak Beikozinin, Zurrumurrun eta Noyan daude salgai, 8 eurotan.
Datozen ekintzak. Behin gaurkoa pasa eta gero, datorren astean Portuko Ranpan Napoka Iria eta Moby Dick ikusteko aukera egongo da.
Ostean etorriko dira programazio berriaren aurkezpena, 48 orduko irratsaioa eta beste hainbat kontu.
Horiek egin bitartean, baina, herritarrek gaur edukiko dute urteurrena ospatzeko lehenengo hitzordua, rock doinuek lagunduta.