Ospakizunak eta aldarrikapenak bat egin dute martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko egunaren harira. Martxa, elkarretaratze zein emakumeen afariak egon dira eskualdeko herrietan. Udalak batzuetan, emakume taldeak besteetan, edo herriko elkarteak izan dira berdintasunaren aldarria kaleratzearen arduradunak, eta herritarrek bat egin dute beraiekin.
Hirugarren urtez, berdintasuna eta feminismoa aldarri, ekimen ezberdinak antolatu dituzte elkarregaz Lekeitioko Udalak eta Potxuak Martxan taldeak. Martxa Moreak Lekeitioko kaleak zeharkatu zituen, zapatu goizean. Morez apaindutako Eskolapetik irten zuen martxak, eta motorrean, bizikletan, patinekin zein oinez herria zeharkatu zuten, ume, gazte, emakume eta gizonek giro alaiean. Independentzia plazan jarraitu zuen jaiak. Kioskoaren itzalpetik bertsotan jardun zuten Miren Amuriza Plaza eta Oihana Bartra Arenas bertsolariek. Bien bitartean, gainera, Potxuak Martxanek egindako pintxoak jateko aukera egon zen. Gaba ere morea izan zuten Lekeition, emakumeentzako afaria prestatu zuen eta herriko emakume taldeak.
Independentzia plaza izan zen atzo, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Egunaren aldarrikapenak zabaltzeko aukeratutako tokia. Elkarretaratzea egin zuten herritarrek, eguerdian, bertan.
Martxa Morea Lekeitioko kaleetan zehar.
Markina-Xemeinen ere, afaria izan zuten emakumeek zapatuan. Martxoaren 8an, berriz, mugimendu feministak Bilbon deituriko manifestazioarekin bat egin zuten.
Plazak beteta
Domekan [martxoak 8] eguerdian Aulestiko plazan bete zuten herritarrak. Pausoz pauso bardintasunerutz lelopean elkarretaratzea egin zuten, eta ostean, Zemendia elkarteko kide batek gaur egun emakumearen egoera zelan dagoen azaldu zuen.
Elkarretaratzea amaitutakoan, plazatik hasita, poteoa egin zuten tabernaz taberna, Aulestiko batukadak lagunduta. Pintxoak ere izan zituzten tabernetan, giroa gozatzeko.
Berdintasunerako pausuak eskatu zituzten Aulestiko elkarretaratzean.
Mutrikuko Goiko Plaza ere aldarrikapenerako bilgune izan zen atzo. Emakumeak Mutrikun Abixan, Mutrikuko koroa, Gure Ametza dantza taldea, herriko txistulariak, udal ordezkariak eta hainbat herritar batu ziren eguerdian Goiko Plazan egindako elkarretaratzean.
Elkarretaratzea eginda, kalerik kale ibili ziren guztiak, musikariak alaituta. Beheko Plazan geldialdi luzea egin zuten, eta han kantuan ibiltzeko aukera eduki zuten herritarrek. Logo lehiaketan jasotako irudiak ere ikusi zituzten.
Andrabandak girotuta hasi zen Ondarroako elkarretaratzea. Alamedan batu ziren herritarrak berdintasuna eskatzeko, eta udalak onartu duen mozioa irakurri zuten bertan. Hasi zen modura, andrabandaren soinuekin amaitu zen ekitaldia. Zutik emakumeak abestu zuten amaitzeko.
Opariak emakumeentzat
Hamaiketako berezia egin zuten atzo, Gizaburuagan. Olazar Kultur Elkarteak hitzordua jarri zuen herriko tabernan, mokadutxoa hartzeko, eta bide batzez, 60 urtetik gorako emakumeei oparia banatu zieten. Ume, gazte eta nagusiak batu ziren mahaiaren inguruan.
Hamaiketakoa eduki zuten Gizaburuagako herriko tabernan. Argazkia: Arantza Espinosa.
Martxoaren 8ko ekitaldiak aukeratu dituzte Berriatuan Berdintasun Planaren aurkezpena egiteko. Zentrala kultur gunean aurkeztu zuten herriko lehen Berdintasun Plana. Ipuin kontalaria eta antzerkia ere eduki dituzte, eta zelan ez, afaria Zentrala jatetxean.
Afaria barik, bazkaria eduki zuten, atzo, Ziortza-Bolibarren. Horretaz gainera, Estibalitz Gonzalez Solozabalek Lapikotxiki, kantuz kulunkatzen liburua aurkeztu zuen.
Bestalde, Izarren argia filma ikusteko aukera izan zuten Munitibarren, eta Baionara joan ziren bidaian mendexarrak.
[nggallery ID=227]
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.