Bertsolari gazteak prest dira bertsotan hasteko. Izan ere, Bertsolari Gazteen 23. BBK Sariketa bihar [martxoak 10] hasiko da, Igorren. Zazpi eskualdetako 50 bertsolarik parte hartuko dute aurtengo txapelketan eta finalerdia martxoaren 17an, (antolakuntzatik kanpoko arrazoiak tarteko egun bat aurreratu dute finalerdia, 18an ziren egitekoak) Markina-Xemeinen. Lea-Artibaiko taldeak iazko txapelketa irabazi zuenez, bertoko bertsolari gazteak zuzenean finalerdietarako daude sailkatuta.

Bertsolari Gazteen 23. BBK Sariketaren aurkezpena, Bilbon.bertso
Lea-Artibairekin batera, txapelketan parte hartuko duten gainerako eskualdeak ondokoak dira: Arratia-Txorierri, Bilboaldea, Busturialdea, uribe Kosta, Enkarterriak eta Durangaldea. Talde bakoitzean gutxienez sei bertsolari ariko dira.
Lehenengo saioa, biharkoa, Igorren jokatuko da. Martxoaren 11an, ostera, kanporaketa Zallan jokatuko da eta 16an Durangon. Kanporaketak ikastetxeetan edo kultur etxeetan jokatuko dira. Finalerdiak martxoaren 17an (Lea-Artibain) eta 24an (Sopelan) ospatuko dira. Final handia, ostera, martxoaren 26an izango da, 19:00etan,
Bilboko Kafe Antzokian.
Parte hartzaileak bi adin tartetan banatuta daude: 18 urtera artekoak eta 18 eta 24 urte bitartekoak.
Sariak. Txapelketan banatuko diren sariei dagokienez, 2.000 eurotik gora banatuko dira aurten. Irabazle nagusiak 1.260 euro eskuratuko ditu eta bigarren saria 900 eurokoa izango da. Bizkaierarik onena erabiltzen duen taldeak, ostera, 140 euro lortuko ditu. Horrez gain, txapelketan parte hartzen duten bertsolari guztien artean 3.780 euro banatuko dira, dieta legez.
Aurkezpena. Aurtengo txapelketa gaur [martxoak 9] aurkeztu dute Bilboko BBK aretoan. Ekitaldian ondokoak egon dira: Leire Aragon BBK-ko Gizarte Ekintzaren zuzendaria, Jone Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko sustapen arduraduna, Juanjo Respaldiza Bizkaiko Ikastolen Elkarteko bertsolaritza arduraduna eta Fredi Paia Bizkaiko Bertsolari Txapelduna.