Orkatz Beitia Gandiaga ondarrutarra Donostian asteburuan jokatu den pista estaliko Espainiako 26. Beteranoen txapelketatik urrezko bi dominagaz bueltatu da. Hain zuzen ere, 35 urtez azpiko kategorietan bi probetan parte hartu du Real Sociedadeko atletak, eta bietan urrea lortu du; 60 eta 200 metroko abiadura lasterketetan lehen egin du .
Beitiak nabarmendu duenez, Espainiako Beteranoen txapelketa parte hartzea oso esperientzia “polita eta aberasgarria” izan da. “Berez ez nuen Espainiako txapelketan parte hartzeko asmorik, baina etxetik hurbil zenez, bertan parte hartzea erabaki nuen. Egun onak eduki ditut, eta lasterketa ederrak egiteko aukera eduki dut. Oso pozik nago lortutako marka berriekin”.
Atleta ondarrutarrak argitu duenez, ez du Europako txapelketan parte hartzeko asmorik. Momentu honetan udan egiten diren 100 metro abiadura txapelketetarako entrenatzen ari da.

Orkatz Beitia 60 metroko podiumean. Argazkia: Orkatz Beitia
Zapatuan [martxoak 7]
60 metroko abiadura lasterketako finala jokatu zuen ondarrutarrak Antonio Elorza belodromoan. Lasterketa irabazteko faboritoa zen, eta ez zuen hutsik egin;
6 segundo eta 96 ehuneko markagaz, lehen postua lortu zuen. “Irteera eta sarrera oso onak egin nituen, eta hori oso garrantzitsua da. 60 metroko lasterketan urteko markarik onena nuen ezarria, eta faborito modura irten nuen. Horrez gain, nire marka pertsonala zer edo zer hobetzea lortu nuen”.
Domekan [martxoak 8], ostera,
200 metroko abiadura finala jokatu zuen. “Lasterketa motzagoak egitea nahiago izaten badut ere, domekan zorteko ibili nintzen. Berez, Castello-ko (Herrialde Katalanak) Vicente Contelles zen lasterketa irabazteko faborito nagusia. Izan ere, orain arte jokatu dituen txapelketetan nik baino marka hobeagoa zuen”.
Beitiak bere marka pertsonala hautsi, eta txapelketako errekorra ezartzea lortu zuen
22 segundo eta 37 ehuneko markagaz. “Gogo askogaz irten nuen, eta hori lasterketa irabazteko berebizikoa izan zela uste dut. Horrez gain, irteera ere oso ona egin nuen”.