Ugaitz Mugertza zutikako enbor bat mozten. Argazkia: Eneritz Albizu / Urola Kostako Hitza
Iazko irabazleek jantzi dute berriz ere Urrezko Aizkorako txapela. Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa XV. Eusko Label sariko urrezko kategoriaren binakako txapela bigarrenez janzteko faboritoak ziren, eta domekan [martxoak 8] Azpeitiako Izarraitz pilotalekuan jokatu zen finalean ez zuten hutsik egin.
Mutrikuarrak eta dimoztarrak osatutako bikotea indartsu aritu zen, eta Jon Rekondori eta Ander Erasuni ez zien irabazteko aukera handirik utzi. Finalean, sei proba ezberdinetan banatuta, 16 enbor moztu behar izan zituen bikote bakoitzak. Irabazleek 25 minutu eta 20 segundo behar izan zituzten lanak amaitzeko; bikote nafarrak baino minutu bat eta 39 segundo gutxiago.
Aitzol Atutxaren gidaritzapean Ugaitz Mugertza enborretako bat mozten. Argazkia: Eneritz Albizu /Urola Kosta Hitza
Aizkolari mutrikuarra pozik eta gustura agertu da bigarren txapela eskuratu eta biharamunean. Mugertzak adierazi duenez “final estua” izan zen, eta “kostata eta arazoren bat edo besterekin” hasi zuen. “Ez nintzen oso gorputzaldi onarekin hasi. Hasieretako lanetan besoak eta besaurreak gogortuta sumatu nituen. Finala aurrera joan ahala, eta hasierako tentsioa alde batera utzi eta gero, egoerari buelta eman nion. Zortzi minutu inguruko atsenaldia egiteko aukera izan genuen, eta handik aurrera hobeto ikusi nuen nire burua”.
Mutrikuarrak nabarmendu duenez, hasiera-hasieratik gustura ibili ziren egur aldetik, eta arazo gutxi izan zituzten. “Egur batean adar txiki bat izan nuen, baina horrek ez zidan inongo eragozpenik sortu. Gehien jota, zortzi segundo galduko nituen”.
Ugaitz Mugertza enborra mozten eta Aitzol Atutxa laguntzen. Argazkia: Eneritz Albizu / Urola Kostako Hitza
Final hasieratik bikote irabazlea aurretik ibili zen. Egin ziren sei probetatik bostetan, aurkariak baino azkarrago ibili ziren. Rekondo eta Erasun abiadurako proban nagusitu ziren bakarrik, kanaerdiko bi enborrak mozteko irabazleek baino bi segundo gutxiago behar izan zituzten.
Lehen probatik aurrea hartuta ibili ziren Mugertza eta Atutxa, eta segundoz segundo abantaila handitzen joan ziren. Lan erdiko azken probara 27 segundoko aldearekin heldu ziren.
Jokatutako probetatik zailena eta luzeena azkena izan zen. Denetara, zortzi enbor moztu behar izan zituzten: 45 ontzako bi enbor, kana-erdiko lau eta 60 ontzako bi. Alderik handiena, lan erdiko proban lortu zuten mutrikuarrak eta dimoztarrak. Oso proba ona egin zuten, aurkariei minutu bat eta 12 segundoko aldea ateraz. “Lehen bi enborretan parez joan ginen, baina gerokoan alde ederra ateratzea lortu genuen. Laugarren egurretik aurrera, gero eta handiagoa zen abantaila, eta irabazteko aukera gero eta hurbilago ikusten genuen. Horrek proba amaitzeko konfiantza handia eman zigun”.