Legorretarrek irabazi dute Lekeition jokatu den EH-ko Mus Txapelketa
Zazpi herrialdeetako 128 bikotek hartu zuten parte, zapatuko finalean. Egun osoan, giro paregabeaz gozatzeko aukera egon zen Lekeition. Herri osora zabaldu zuen mus txapelketak jaiaGipuzkoara joan da aurten Euskal Herriko zazpigarren Mus Txapelketaren ...
Zazpi herrialdeetako 128 bikotek hartu zuten parte, zapatuko finalean. Egun osoan, giro paregabeaz gozatzeko aukera egon zen Lekeition. Herri osora zabaldu zuen mus txapelketak jaia
Gipuzkoara joan da aurten Euskal Herriko zazpigarren Mus Txapelketaren sari nagusia. Maitane Larrauri Lekeitioko alkatearen eskutik jantzi zituzten Joseba Goikoetxea eta Patxi Salazar legorretarrek irabazleei zegozkien txapelak.Giro paregabean ospatu zen zapatuan, Lekeition, Euskal Herriko VII. Mus Txapelketako finala. Goiz goizetik gauera arte luzatu zen jaia. Izena emateko mahaia jarri orduko ailegatu ziren lehen muslariak plazara, eta 21:00etan jantzi zuten txapela bi legorretarrek.
Izena emateagaz batera, kamiseta bana hartu zuten oroigarri gisa muslariek, eta herriko leku guztietan ikus zitekeen parte hartzaileren bat. Izan ere, 128 bikote egon ziren finalean.
Muslari guztiak bildutakoan Lekeitioko alkatearen agurra jaso zuten zazpi herrialdeetatik joandakoek, eta herrialde bakoitzeko irabazleak oholtzara igo ziren. Tartean zeuden Bizkaiko txapeldunak: Angel Aboitiz eta Aitor Okamika bedaronarrak.
Euskal Herriko Mus Federazioaren izenean, Xabier Albizuk hartu zuen hitza. «Gaur gaurkoz, egitasmo honegaz, egungo administrazioek jarritako mugak gainditu eta euskal herritar gisa bat eginik aritzeko aukera ematen digu Euskal Herriko Mus Txapelketak. Bide horretan euskaldunok batzen gaituenari heldu eta indarrak biltzeko garaia da», adierazi zuen.
Herrialdeko txapeldunei agurra dantzatuta, kalejiran egin zuten ibilaldia jokalariek, plazatik Merkatu Plazara.
Anaiarteko giroa
Goizeko lehen saioan, 32 taldetan banatuta jokatu zen ligaxka. Denek denen aurka jokatu zuten, eta lau bikoteko taldeetan, gutxienez, lau herrialde ezberdinetako muslariak biltzen saiatu zen federazioa.
Lehen fasea luze joan zen, eta bigarrenari ekin ziotenerako 14:30ak ziren. Beraz, bigarren fasea lehiatu behar zutenek aurrera egin eta besteek Merkatu Plazan bertan bazkaltzeko aukera izan zuten. Hamaiketakoa ere eduki zuten goiz erdian, pintxo ederrekin.
Arratsaldeko saiora hamasei bikote sailkatu ziren, euretako bat Lea-Artibaikoa. Jon Galletebeitia eta Iñaki Arriaga ispastertarrak Barandiaran aretoraino ailegatu ziren, baina Erratzuko gazteak ezin izan zituzten mendean hartu.
Final handian Heletako Ttotte larre eta Brunno Carrere, eta Legorreko Joseba Goikoetxea eta Patxi Salazar aurkitu ziren aurrez aurre, eta final luze eta bizi baten ondoren, partida irabaztea lortu zuten gipuzkoarrek.
Jokoagaz gain, nagusi izan zen Lekeition, anai arteko giroa. Horrelaxe azpimarratu zuten muslariek, txapelketak lagun berriak egiteko aukera ere eman ziela azpimarratuz.
Jaia, gainera, herri osora zabaldu zuten egun osoan ekitaldia alaitzen ibili ziren Aittitta Makurra, Itxaropena eta Kuxkuxtu musika taldeek. Federazioak, gainera, txapelketa errealitate bihurtzeko Lekeitioko taldeek egindako lana azpimarratu zuen. Aittitta Txikik, Zaletxuak, Lekeitioko Gazte Asanbladak eta ikastolak hartu zuten parte, besteak beste, antolaketan.