Santa Katalina komentua
Geoparkearen eta
Mutrikuko Udalaren eskutik,
Santa Katalina Komenturako Proposamen Integrala deritzon parte hartze prozesua zabaldu nahi da Mutrikun. “Prozesua Europar Batasunak ezartzen dituen tailer berezi batzuen bidez egingo da, eta tailer hauen antolaketa Eusko Ikaskuntzaren bidez egingo da”.
Geoparkeko Interpretazio Planaren barruan, udal Garapen Saila iaz Mutrikuri begira kontuan hartu beharreko hainbat puntu garatzen hasi zen, eta horren harira,
Mutrikuko Itsas Ondarre Natural eta Kulturalaren Interpretazio Plana dokumentua idatzi zuen.
Herriko hainbat leku kontuan hartu eta gero, komentua horretarako aproposena zela erabaki zen. “Jakin badakigu hainbat parte hartze prozesu garatu direla komentuaren inguruan, baina, oraingo honetan, Geoparkeko beste hainbat proiekturen artean, Europar Batasuneko dirulaguntzetara aurkezteko aukera izango dugu, eta buru belarri aritu nahi dugu proiektu on bat aurkeztu eta laguntza horiek lortzeko”.
Santa Katalina komentua, atzeko aldetik
Europako prozedurak eskatzen duen modura, lau taldetan koordinatuta egingo dira tailerrak: herritarrak, enpresak , politikariak eta teknikari adituak. Taldeek binaka egingo dute lan eta bakoitzak bi saio egingo ditu. “Beharrezkoa da ahalik eta lehen izena ematea, parte hartzaile kopuru gutxiengo eta gehiengo bat dago eta”.
Udal ordezkariek herritar guztiak prozesuan parte hartzera gonbidatu dituzte. “Zuen parte hartzea oso aberasgarria izango litzatekeela uste dugu. Komentuak izan ditzakeen erabilera anitzak dira, eta herritar guztiek izan ditzaketen ikuspegiek berebiziko garrantzia izango dute proiektu osoa eratzerako orduan. Mutrikun eragin handia izango duen proiektu bat atera daiteke parte hartze honetatik”.
Santa Katalina komentua
Parte hartu nahi duten herritarrek martxoaren 14a aurretik turismo bulegoan (943 60 33 78) eman beharko dute izena.
HURRENGO ASTEOTAN EGINGO DIREN BILERAK (denak ere, udaletxeko pleno aretoan egingo dira):
- Herritarrak eta politikariak taldeak. Martxoak 17 eta 24; 17:00etan eta 21:00etan.
- Teknikari adituak eta enpresariak taldeak. Martxoak 18 eta 26: 09:00etan eta 13:00etan.
- Dendarien taldea. Martxoak 21: 17:00etan eta 21:00etan.