Asteburu txarra izan ostean, ondo baino hobeto hasi du Nahia Quincoces eskiatzaile mendexarrak
Pierra Menta lasterketa klasikoa. Hain zuzen ere, asteburuan jokatu zen Espaniako Mendi Eskiko Txapelketa ezin izan zuen amaitu. Parte hartzen ari zela, erorikoa izan zuen, eta eski bat hautsita ezin izan zuen jarraitu.
Astelehenean [martxoak 9] abiatu zen mendexarra frantziara, eta gaurtik [martxoak 11] zapatura arte [martxoak 14] lau etapa egin beharko ditu alpeetan barrena. Pierra Mentan parte hartzea eskiatzaile modura beti izan duen ametsa dela nabarmendu du, eta aurten estrainekoz parte hartuko du. “Ilusio handiagaz” joan da Beautfort-eko eski estaziora. Iaz, esaterako, bertara arte joan, eta txapelketan parte hartu gabe bueltatu behar izan zuen.
Nahia Quincoces –eskuman– munduko kopako lehen proba puntuagarrian parte hartzen. Argazkia: ISMF
Munduko koparen barruan jokatuko da aurten Pierra Mentako mendi eski lasterketa ezagun eta esanguratsua. Horrez gainera, probaren 30. urteurrena ospatzeko lau etapatan banatuta egingo dute. Guztira,
100 kilometro baino gehiago eta 10.000 metroko desnibel positiboa gainditu beharko dituzte partehartzaileek; egunero 2.000 eta 3.000 metro arteko desnibela gaindituz. Besteak beste, Grande Journee (2.460 metro), Les Embouchus (2.305 metro) eta Le Mont Coin (2.539 metro) moduko mendietatik ibili beharko dute partehartzaileek.
Proba puntuagarria bikoteka ari da jokatzen, eta mundu osotik joandako 300 bikotetik gora batu dira lasterketan. Eskarmentu handiko bikotekidea egokitu zaio Quincocesi. Marta Garcia Farres kataluniarra, Espainiako Txapelketan bigarrena.
Nahia Quincoces eta Gemma Arro munduko eski txapelketan. Argazkia: Jone Quincoces
Gaurko [martxoak 11] lehen etapa berezia prestatu dute 30. urteurrena ospatzeko, tartean, Col de la Bathie (2039 metro) igo behar izan dute. Lasterketan ondo konpondu dira eta gustura amaitu du lehen etapa bikoteak. Seigarren helmugaratu dira
ordubete 41 minutu eta 57 segundoko denboragaz. Axelle Mollaret eta Emelie Forsberg irabazleek baino 10 minutu eta 49 segundo gehiago behar izan dituzte proba amaitzeko.
Eskiatzaile mendexarraren esanetan, jaitsiera tekniko asko izan dituzte. Oro har ondo ibili dira, eguraldi onagaz. “Proba egiten ari ginela jende asko eduki dugu animatzen”. Garcia ere pozik agertu da proba amaitu ostean. Sare sozialetan agertu duenez, “gehiagorako gogoagaz” dago.
Marmotta Trophyn parte hartzen. Argazkia: ISMF
Biharko [martxoak 12] etapan 2.000 metrotik gorako altuera duten lau mendi tontor igo beharko dituzte: Mirantin (2.460 metro), Pic de Vache Rouge (2.379 metro), Grande Journee (2.460 metro) eta Depart Combettes (2.134 metro).
Barikuan [martxoak 13], bederatzi gailur igo beharko dituzte; garaienak Col de la Pierra Menta (2.500 metro) eta Mont Coin (2.540 metro).
Eskiatzaileen arabera, etaparik ikusgarriena zapatukoa [martxoak 14] izango da. Etapa amaieran, Grande Monten (2.380 metro) 4.000 pertsonatik gora espero dituzte partehartzaileak animatzen. Aurten gainera, urteurrena ospatzeko bukaera berezia prestatu dute txapelketako antolatzaileek. Sari banaketan, esate baterako, aurreko 29 urteetan irabazleak izan direnak bertan izango dira.