Hilaren 22an Bermeo blaitzeko deia egin du Ur Partzuergoak
Jaialdia egingo dute Uraren Nazioarteko Egunean, eta goiz osorako egitaraua prestatu dute. Argazki lehiaketaren sariak ere egun horretan emango dituzteUraren inguruko sentsibilizazio kanpainari amaiera emango diote martxoaren 22an, Uraren Nazioarteko E...
Jaialdia egingo dute Uraren Nazioarteko Egunean, eta goiz osorako egitaraua prestatu dute. Argazki lehiaketaren sariak ere egun horretan emango dituzte
Uraren inguruko sentsibilizazio kanpainari amaiera emango diote martxoaren 22an, Uraren Nazioarteko Egunean, Bermeon. Atzo eguerdiean egin zuen Busturialdeko Ur Partzuergoak jaialdi horren aurkezpena, Bermeoko Lameran. Martxoaren 22rako, goiz osorako egitaraua prestatu dute, eta, egun horretan, «Bermeo blaitzera» doazela esan zuen ur partzuergoko presidente Iratxe Arriolak.Azaroan kanpaina hasi zutenetik, ura ardatz izan duen hainbat ekimen burutu ditu Busturialdeko Ur Partzuergoak: hitzaldi-eztabaidak, jardunaldiak, argazki lehiaketa, ikastetxeetan sentsibilizazio kanpaina…
2014ko azaroan hasi eta otsailera bitartean aritu da ur partzuergoa Busturialdeko ikasleekin lanean. «Urari buruzko hiru fitxa banatu dizkiegu, betetzeko. Orain, ikasleek fitxa horietan proposatutakoa oinarri hartuta, ikastetxe bakoitzak bere gutuna prestatu du, eta martxoaren 22an protagonismoa hartuko dute gutun horiek», Arriolak azaldu zuenez.
Hain zuzen, bilatu egin beharko dituzte gutunak, martxoaren 22an bertan Zipriztin eta Irrien Lagunen laguntzagaz Talatik hasita egingo duten kalejiran.
Egun horretarako, gainera, abesti bat eta bideoklipa sortu dute, Ken Zazpi, The Uski’s eta 22 metro koadro musika taldeeen laguntzagaz. Abesti hori prest daukate dagoeneko, eta datozen orduetan egingo dutela publiko aurreratu dute.
Flashmob-a
Busturialdeko ikastetxeetan, beste alde batetik, abesti horrekin martxoaren 22an grabatuko duten flashmob-aren dantza prestatzen hasita daude. Herritarrek ere parte har dezakete grabazio horretan, eta dantza ikasteko aukera daukate, bideo honi jarraituta: https://www.youtube.com/watch?v=CqBjGFpk4NA&feature=youtu.be.
13:00etan egingo dute ekitaldi nagusia, eta Busturialdeko Ur Partzuergoak antolatu zuen argazki lehiaketako sariak orduan banatuko dituztela jakinarazi dute.
Bost hilabeteko kanpaina
Busturialdeko Ur Partzuergoak eskualdeko hainbat eragile eta herritarrekin elkarlanean diseinatu eta garatutako dinamika izan da uraren inguruko sentsibilizazio kanpaina, eta Zipriztin deituriko ur tantaren aholkuekin ahalik-eta herritar gehienen kontzientziak bustitzea izan dute asmoa. Azaroan egin zuten kanpainaren aurkezpena. Ura bizitzaren oinarrizko ondarea izanik, kontsumo ikuspegia gainditu eta uraren benetako balioa aitortzeko kontzientziazioa ezinbestekoa dela ondorioztatu zuten, eta horretarako bitartekoak jartzeko konpromisoa hartu.
Urdaibai Biosfera Erreserbaren 30. urteurrena dela kontuan izanda, azarotik martxora bitarteko sentsibilizazio kanpaina integrala burutu dute. «Amaitu aurretik esan, zoragarria izan dela hain jarrera baikorragaz agertu diren herritarrekin kanpaina hau garatzea», esan zuen atzo Arriolak. Era berean, Sukarrieta Ingurumen Zentroko kideek zein Agenda 21eko zenbait eragilek emandako laguntza eskertu zuen.