Komentuarekin zer egin erabakitzeko parte hartze prozesua egingo da
Parte hartu nahi dutenek martxoaren 14a orduko eman beharko dute izena turismo bulegoan. Geoparkeko beste hainbat egitasmoren artean aurkeztu nahi da MutrikukoaGeoparkearen eta Mutrikuko Udalaren eskutik, Santa Katalina Komenturako Proposamen Integrala...
Parte hartu nahi dutenek martxoaren 14a orduko eman beharko dute izena turismo bulegoan. Geoparkeko beste hainbat egitasmoren artean aurkeztu nahi da Mutrikukoa
Geoparkearen eta Mutrikuko Udalaren eskutik, Santa Katalina Komenturako Proposamen Integrala deritzon parte hartze prozesua zabaldu nahi dute Mutrikun. «Prozesua Europar Batasunak ezartzen dituen tailer berezi batzuen bidez egingo da, eta tailer hauen antolaketa Eusko Ikaskuntzaren bidez egingo da», azaldu dute udal garapen saileko ordezkariek.Geoparkeko Interpretazio Planaren barruan, udal garapen saila iaz Mutrikuri begira kontuan hartu beharreko hainbat puntu garatzen hasi zen, eta horren harira, Mutrikuko Itsas Ondare Natural eta Kulturalaren Interpretazio Plana dokumentua idatzi zuen.
Lau taldetan banatuta
Herriko hainbat leku kontuan hartu eta gero, komentua horretarako aproposena zela erabaki zuten. «Jakin badakigu hainbat parte hartze prozesu garatu direla komentuaren inguruan, baina, oraingo honetan, Geoparkeko beste hainbat proiekturen artean, Europar Batasuneko dirulaguntzetara aurkezteko aukera izango dugu, eta buru-belarri aritu nahi dugu proiektu on bat aurkeztu eta laguntza horiek lortzeko».
Europako prozedurak eskatzen duen bezala, lau taldetan koordinatuta egingo dira tailerrak: herritarrak, enpresak, politikariak eta teknikari adituak. Taldeek binaka egingo dute lan, eta bakoitzak bi saio egingo ditu. «Beharrezkoa da ahalik eta lehen izena ematea, parte hartzaile kopuru gutxiengo eta gehiengo bat dago eta».
Udal ordezkariek herritar guztiak prozesuan parte hartzera gonbidatu dituzte. «Zuen parte hartzea oso aberasgarria izango litzatekeela uste dugu. Komentuak izan ditzakeen erabilerak anitzak dira, eta herritar guztiek izan ditzaketen ikuspegiek berebiziko garrantzia izango dute proiektu osoa eratzerako orduan. Mutrikun eragin handia izango duen proiektu bat atera daiteke parte hartze honetatik».
Parte hartu nahi duten herritarrek martxoaren 14a aurretik eman beharko dute izena, turismo bulegoan (943-60 33 78).