Mutrikuko Balea elkarteak 20. Berdel Eguna aurkeztu du. Eguna bera posible egiten duten hainbat boluntarioekin batera aurkeztu zuten jai ezaguna.
Berdel Eguna posible egiten duten herritarrak.
Aurten pisu berezia izango dute boluntarioek. Hain zuzen ere, jaiaren kartela boluntarioen lana goraipatzeko era bat izan da. Era berean, boluntarioen arteko belaunaldi aldaketa bat ere eman behar dela nabarmendu zuten atzoko aurkezpenean. «Jaiak orain arte boluntarioen lanari esker iraun du, eta hurrengo urteetan ere hori bermatu nahi dugu», nabarmendu zuten antolatzaileek.
Hori dela eta, boluntario berriak biltzeko bilera egingo da martitzenean, 19:00etan, Zabielen. «Herritarrei bertan parte hartzeko deia egiten diegu. Izan ere, jai honek herri eta herritar guztiei egiten die onura».
50 urteko ibilbidea. Urteurren borobila ospatze aldera, aurten lau eguneko egitaraua aurkeztu dute. Hainbat ekimen egingo dira martxoaren 20an, 26an, 27an eta 28an. Betiko modura, egunik handiena zapatuan portuan egingo den jaia izango delarik. 10.000 pintxo, 7.000 anoa berdel erre eta 2.000 marmitako anoa banatuko dituzte.
Egitaraua Berdel aipamen saria ematen estreinatu dute. Aurten, Gure Ametsa dantza taldeak jasoko du; taldearen 50. urteurrenean, hain zuzen.
Hilaren 26a, berritasun berezi batekin etorriko da. Orioko Katxina jatetxeko Jose Migel Zendoia sukaldari mutrikuarrak, show cooking bat eskainiko du, esaterako. Parrilla ondo baino hobeto menperatzen du Zendoiak eta berdel errea prestatuko du.