Berritasun askorekin dator 20. Berdel Eguna
Mutrikuko Balea elkarteak atzo aurkeztu zuen 20. Berdel Eguna. Eguna bera posible egiten duten hainbat boluntariorekin batera aurkeztu zuten jai ezaguna. Aurten pisu berezia izango dute boluntarioek. Hain zuzen ere, jaiaren kartela boluntarioen lana go...
Aurten pisu berezia izango dute boluntarioek. Hain zuzen ere, jaiaren kartela boluntarioen lana goraipatzeko era bat izan da. Modu berean, boluntarioen arteko belaunaldi aldaketa bat ere eman behar dela nabarmendu zuten atzoko aurkezpenean. «Jaiak orain arte boluntarioen lanari esker iraun du, eta hurrengo urteetan ere hori bermatu nahi dugu», nabarmendu zuten antolatzaileek.
Hori dela eta, boluntario berriak biltzeko bilera egingo da martitzenean, 19:00etan, Zabielen. «Herritarrei bertan parte hartzeko deia egiten diegu. Izan ere, jai honek herri eta herritar guztiei egiten die onura».
50 urteko ibilbidea
Urteurren borobila ospatze aldera, aurten, lau eguneko egitaraua aurkeztu dute. Hainbat ekimen egingo dira martxoaren 20an, 26an, 27an eta 28an. Betiko modura, egunik handiena zapatua izango delarik; 10.000 pintxo, 7.000 anoa berdel erre eta 2.000 marmitako anoa banatuko dituzte.
Egitaraua Berdel Aipamen sari banaketarekin hasiko da. Aurten, Gure Ametsa dantza taldeak jasoko du; taldeak 50 urte betetzen ditu aurten.
Hilaren 26a, berritasun berezi batekin etorriko da: Orioko Katxina jatetxeko Jose Migel Zendoia sukaldari mutrikuarrak, show cooking bat eskainiko du, esaterako. Parrila ondo baino hobeto menperatzen du Zendoiak eta berdel errea prestatuko du.