Futbol Kalean-eko partiduak jokatuko dira Bermeon eta Gernikan
Abian da beste urte batez Athletic Fundazioak antolatutako Futbol Kalean txapelketa; alegia, Bizkaiko hainbat herritako kaleetan futbolean jokatzeko eta kirol horretaz gozatzeko aukera ematen duen egitasmoa. Martxoaren 1ean jarri zuten martxan, eta Lei...
«Kalean jokatzen zen futbolaren mamia berreskuratzeko asmoz» antolatu zuten lehenengoz Futbol Kalean, eta oraindik ere helburu berarekin jarraitzen dute.
Lagun artean, epailerik eta entrenatzailerik gabe futbolean aritzeko aukera izango dute bertan parte hartzen dutenek. Domekan egingo dituzte bi herrietako kanporaketak, 10:30etik 13:30era. Bermeon, Ibarra parkean bilduko dira parte hartu nahi duten kimu eta benjaminak, eta Pasealekuan elkartuko dira, berriz, gernikarrak.
Lau jokalariz osatutako taldeak egingo dituzte domekako partiduetan, eta horietako bakoitzak 10 eta 15 minutu artean iraungo du; betiere, parte hartzaile kopuruaren arabera.
Ekainera bitartean, hainbat topaketa egongo dira Bizkaian, eta horiek bukatuta, finalaurrekoak eta finala jokatuko dituzte talde hoberenek ekainaren 7an eta 14an. Finalerdiak Bizkaiko hondartza batean jokatuko dira oraindik zehazteke dute non izango den, eta finala, berriz, Lezaman.
Txapelketan parte hartu nahi dutenek izena emateko hiru modu dituztela jakinarazi du Athletic Fundazioak. Batetik, telefonoz egin ahalko dute, 902- 014 357 zenbakira deituta; eta, bestetik, www.futbolkalean.com webgunearen bitartez. Hirugarrenik, partidak jokatuko diren tokietan ere egin ahalko dute inskripzioa.