Basque Country Munduko sokatira txapelketan parte hartzen
Euskal Herriko sokatira munduak iaz urte gozoa bizi izan zuen. Hainbeste urtean egindako lanak bere lehen fruituak eman zituen. Euskal talde bat sortu eta izendapena jasotzeko ideia aspalditik bazetorren ere, euskal sokatiralariek 2014 arte ezin izan dute izen propio bategaz jokatu. Iaz, ordea, AEBetan jokatu zen Mundu mailako lur gaineko txapelketan
ikurrina lau haizetara zabaltzeko aukera izan zuten euskaldunek, tartean Javier Urresti Quinteirok (Ondarroa, 1967).
Euskadi-Basque Country izendapena lortzea urrats garrantzitsua izan da euskal kirol munduarentzat, eta sokatirako selekzioa horretan lehena izan bada ere, etorkizunean besteek bide berdinetik jarraitzeko asmoa agertu dute, euskal selekzioen nazioarteko ofizialtasuna lortzeko bidean, alegia.
Selekzioaren izendapenaren berri jaso eta gero, euskal sokatiraren munduak poz handiagaz jaso zuen berria. Horien artean, Mutrikuko Sokatira Taldeko kideek ere, begi onez ikusi zuten hartutako erabakia.
Sokatira munduan esperientzia handikoa da Urresti. Azken 23 urteak Mutrikuko Sokatira Taldean egin ditu, eta nazioartean hainbat txapelketetan parte hartzeko aukera ere eduki du bere kirol ibilbide luzean.
Javier Urresti
Basque Country modura parte hartzea «zoragarria eta pozgarria» izan dela nabarmendu du ondarrutarrak. «Azken 40 urteotan parte hartu dugun guztiok ikurrina eta euskal izena mundu guztian zabaltzen ahalegindu gara. Hala ere, nazio modura Espainiaren izenean parte hartu behar izaten genuen, ez zegoen beste aukerarik. Iaz, ordea, gure izen propioarekin parte hartzea beste gauza bat izan da. Beharbada, orain 40 urte ikurrinarekin joateko ahalegina egin zuenak egin ez balu, oraindik ere ez genuen lortu dugun guztia lortuko».
Hainbeste urteko lanek bere saria izan dutenaren iritzia du. «Euskal talde bat sortzeko eta izendapena jasotzeko ideia aspalditik dator. Ni neu, esate baterako, 1992an hasi nintzen nazioarteko txapelketetan jokatzen, eta beti izaten genuen Espainia izenarekin ez agertzeko nola edo halako amarruren bat gordeta. Handik hemendik, ikurrina agertzen zen. Ahalegin asko egin genituen gure izena ezagutara emateko, baina ofizialki ez genuen euskal selekzio modura jokatzeko aukerarik».
Hala ere, urte luzeetan euskal koloreen alde egindako ahaleginek, ordea, zigorren bat edo beste ere jasan zituzten, eta lau urte luzez, 2004tik 2008ra, euskal sokatiralariak nazioarteko lehiatik kanpora ere geratu ziren, Nazioarteko Sokatira Federazioaren baldintzak ez onartzearren. «2004an Nazioarteko Batzorde Olinpikoak gonbidatuta euskal talde batzuek erakustaldi antzerako batean parte hartu zuten. Nazioarteko Sokatira Federazioak esandakoaren arabera, baldintzak bete egin behar ziren, eta Espainiako bandera igotzera derrigortuta zeuden hara joan zirenak. Nesken taldeak irabazi egin zuen, eta podiumean zeuden bitartean mastan gora Espainiako bandera igotzen ari zirela, podiumean ikurrina laga zuten, eta hori ez zitzaion bat ere gustatu Nazioarteko Sokatira Federazioari, gure aldetik mesprezu modura hartu zuen jarrera hura».
Javier Urresti
Handik aurrera gauzak gogortu egin zirela dio Urrestik, eta baldintza zehatz batzuetan parte hartzeko aukera zutela bakarrik. Nazioarteko federazioak «ezin zutela inolako aldarrikapenik egin» adierazi zien, eta baldintza horietan parte hartzeari uko egin zien euskal taldeek. Gerokoan, presidente aldaketa egon zen Nazioarteko federazioan eta gauzak zer edo zer baretu, eta parte hartzeari ekin zioten berriro.
2011-2012 urteetan, aldiz, euskal federazioan zer edo zer egin behar zela erabaki zen, eta nazioarteko hartu-emanak areagotu egin ziren, egoera aldatzeko nahiagaz. Lan haren fruitua da izendapen berria.
Iaz, estreinako, Wisconsin-en (AEB) egin zen Mundu mailako txapelketan ikurrina eta euskal koloreekin desfilatzeko aukera izan zuten euskal taldeko kideek. Abuztua amaiera zen. Irekiera saioan egiten den desfilean euskaldunek lehen tokian desfilatzeko aukera izan zuten, eta horien artean egon zen Urresti.
Momentu hartako oroitzapen oso onak gordetzen ditu ondarrutarrak. «Berezitasun modura, desfilean besteen aurretik irtetzeko aukera izan genuen. Niri, esaterako, bertan joatea egokitu zitzaidan, oso hunkigarria izan zen. Ez nuen pentsatzen, baina barruan arrara egin zidan. Sekula ez ahazteko moduko esperientzia izan zen».
Sokatirako federazioa, lehendakaritzan
Era berean, sokatira munduan bizi izan zuten momentu gozoa denek konpartitu ezina «pena bat» dela adierazi du Mutrikuko Sokatira Taldeko kideak. «Nire pena zera da: txapeketan denok ez ginela aipatuak izan. Lur gainean ibili garenok hiru talde izan gara, eta goma gainean ibiltzen direnek, ostera, oraindik ez dute izendapen horrekin nazioartean jokatzeko aukerarik eduki. Izan ere, lur gaineko Mundu mailako txapelketa ez da oraindik egin, datorren urtean izango da».
Mutrikuko Sokatira Taldeko denak Estatu Batuetako mundu txapelketan izan ziren, eta klub modura parte hartzeaz gain, selekzio berriarekin aritzeko aukera ere izan zuten batzuk, pisuaren arabera. Urrestik, esate baterako, pisu handiko modalitatean parte hartu zuen selekzio izendatu berriagaz.
Euskal taldeek talde modura lortutako marka onez gain, Basque Country selekzioa
brontzezko bi dominagaz bueltatu zen Euskal Herrira.
Orduz geroztik, han-hemenka hainbat sari eta izendapen jaso dituzte. Pozik daude lortutako guztiagaz, eta harrituta lortu duten oihartzunarekin ere. Lehendakariak harrera eta aipamen berezia egin zien, esaterako, eta Sabino Arana saria ere jaso du urtarrilaren bukaeran Basque Country sokatira selekzioak. «Egia esan, ez nuen espero bueltan horrelako harrerarik edukiko genuenik ere. Sinestu ezinik gabiltza, hala ere, guk gure martxan jarraituko dugu».