Landa buru, udal hauteskundeetan izango da Gernika-Lumoko EH Bildu
Koalizio politikoak Aralar ere bildu du maiatzeko hauteskundeei begira. EH Bildurekin gaur egun alkate den Jose Mari Gorroñok zerrenda independente bat aurkeztuko du2015eko maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan izango da Gernika-Lumoko EH Bildu. Hala j...
Koalizio politikoak Aralar ere bildu du maiatzeko hauteskundeei begira. EH Bildurekin gaur egun alkate den Jose Mari Gorroñok zerrenda independente bat aurkeztuko du
2015eko maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan izango da Gernika-Lumoko EH Bildu. Hala jakinarazi zuten atzo goizean eman zuten prentsaurrekoan. Koalizioak, beraz, bere hautagaitza aurkeztuko du Busturialdeko herri horretan ere, eta, oraingoan, Aralarreko kideak ere izango dira zerrenda horretan.EH Bildurekin gaur egun alkate den Jose Mari Gorroño ez da koalizioarekin aurkeztuko, eta zerrenda independente batekin aurkeztuko dela jakinarazi du, zenbait komunikabideren bitartez. Harekin alkateorde izan den Begoña Landa izango da koalizioaren zerrendaburua, eta Gorroñoren hautagaitzari «onena opa» diola esan zuen atzoko agerraldian. Gorroñok ere, adierazpen bertsuak egin ditu komunikabide batean, eta Landari ere onena opa diola.
Eusko Alkartasunak, beraz, EH Bilduren proiektuaren alde egin du Gernika-Lumon ere.
Gizarte politikak
Jose Mari Gorroñoren zerrendan joan daitezkeen alderdikide eta lankideak aparte, EH Bilduren hautagaitzak ere udaleko kide izan direnak eta direnak bilduko dituela esan du Landak; «beraz, oinarri bat badugu. Programa bat badugu, eta herritarrekin adosten ditugun proiektuak aurrera ateratzeko ere hor izango gara».
Azken agintaldiaren errepasoa egiteko unea dela esan zuen EH Bilduk atzo, eta herritarren ekarpenak oinarri hartuta, konpromiso berriak hartzeko garaia dela esan zuten. Alkategaiak, bere aldetik, Gernika-Lumon gizarte politikak indartzea ezinbestekotzat jo du: «Arazo larriak daude. Arlo horretan lan egin dut udaletxean nagoenetik, eta krisia pairatzen ari direnen alboan izango gara». Egoera ekonomikoa eta enpleguaren arazoa konpondu behar direla uste du gaur egun Gizarte Ongizaterako zinegotzia denak.
Busturialdean ere, arlo horretan orain arte egindako lanarekin jarraitzeko beharra azpimarratu du Landak. «EH Bilduk, herri mailan ez ezik, eskualde mailan ere lan egiten du. Hogei herrietako ordezkariak elkarrekin lanean aritu gara ur partzuergoa hobetzeko, Gernika-Lumoko industriagunea bultzatzeko… Aurrerantzean ere, horri jarraitu gura diogu».
Lan egin herritarrekin
Taldea, gardentasuna eta parte hartzea izango dira EH Bilduren tresnak. Jose Ramon Bilbao Bulik esan legez, «Gernika hobetzen jarraitzeko konpromisoa berresten dugu, gernikarrentzat eta gernikarrekin, pauso gehiago emanez eta gernikarron beharrizanetara jarriz. Horretarako, talde sendoa eratzea ezinbestekoa da».
Martxoaren 28an batzar irekia egingo dute Pasealekuan, eta herritarren ekarpenak bildu gura dituzte EH Bildukoek. «Hurrengo udal gobernuaren ardatz eta ildo nagusiak izango diren konpromisoak herritarrekin adostu gura ditugu», esan zuen atzoko prentsaurrekoan Aralarreko kide Jon Argintxonak. Horretarako, prozesu parte hartzaile bati hasiera emango diote. Azken asteetako ika-mikak tarteko, herritarrekin lanean hasteko berandu dabiltzala aitortu du EH Bilduk. Hala ere, erronka handiak dituztela esan zuten atzoko prentsaurrekoan, eta horiek lortzeko bidean herritarrak ezinbestekoak direla.