EAJk Lea-Artibaiko alkategaiak aurkeztu zituen Markina-Xemeinen.
EAJk, joan den barikuan aurkeztu zituen Markina-Xemeingo kontzekupean, maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan eskualderako proposatuko dituen hamar alkategaiak. Kontxi Artaetxebarria (Aulesti), Pedro Mari Balenziaga (Berriatua), Jesus Iriondo (Etxebarria), Garbiñe Saenz de Buruaga (Ispaster), Koldo Goitia (Lekeitio), Andoni Malaxetxebarria (Markina-Xemein), Jesus Mª Anakabe (Mendexa), Jabier Artaetxebarria (Munitibar), Mª Dolores Etxano (Ondarroa) eta Ion Ander Barruetabeña (Ziortza-Bolibar) dira herri bakoitzeko batzarretan aukeratu dituzte emakume eta gizonak.
“Eskualdearen zerbitzura jarri nahi dugu Lea Artibai hazi arazi nahi duten emakume eta gizonek osatutako talde hau” horrela aurkeztu zituen Jesus Lekerikabeaskoa Batzar Nagusietarako Busturia-Uribeko barrutiko hautagaiak. “Hemen daude, zuen aurrean, diren moduan, pertsona apalak; herriak sentitzen eta maite ditugun pertsonak, herritarrentzat lagungarri izan nahi dugunak”, esan zuen.
“Eskualdearen zerbitzura jarri nahi dugu Lea Artibai hazi arazi nahi duten emakume eta gizonek osatutako talde hau”
Alderdiak aukeratu dituen emakume eta gizon guztien esperientzia, profesionaltasuna eta konpromisoa azpimarratu zuen Lekerikabeaskoak: “EAJ-PNV-k Lea Artibairen alde egiten duen apustua da, onena. Denek dute esperientzia udal kudeaketan, batzuk alkatetzan eta gehienak zinegotzi lanetan; denek dute harremana administrazioarekin, eta guzti-guztiak prest daude eta prestakuntza egokia dute aurrean ditugun lau urteei aurre egin ahal izateko”.
EAJren hautagaiak kontzekupeko aurkezpeneko lehen hilaran jarrita.
Enplegua, suspertze ekonomikoa, etxebizitza eta gizarte zerbitzuak direla datozen urteotan izango dituzten erronka nagusiak adierazi zuen. Hori bai, “Lea Artibaiko herritarren ongizatea hobetzera bideratuta”. Azken agintaldiko lau urteetan gobernatu duten udalerrietako herritarren bizimodua hobetzeko “Bilduren ereduak ez duela balio izan”esan zuen. “Alderantziz, gero eta arazo gehiago egon dira eta, konpondu beharrean, arazoak gaiztotu egin dira”, kritikatu zuen. “Horregatik gaude gaur hemen, gure kudeaketa eredua aurkezteko, gure bidea, herritarrekin batera ibili nahi dugun bidea, pertsonak direlako gure jardunaren helburu nagusia, sigla eta ikurren gainetik. Hemen dagoen lantaldea izango da Lea Artibaiko etorkizuna eraikiko duena. Gezurrik gabeko etorkizuna, herri bakoitzaren beharretara egokitua, herritarren parte hartzera irekia. Etorkizun erreala”.
Babesa
Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidenteak bere hitzen bidez hautagaiei eta lan taldeei eskertu zien bere jarrera eta Lea Artibaigaz, Bizkaiagaz eta EAJ-gaz hartu duten konpromisoa. “Politika bere gorenean ez dagoen aldi honetan, zuek aurrerako pausua eman duzue eta etorkizunerako egitasmoa, eskualderako egitasmorik onena babestea erabaki duzue”.
Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusirako hautagaiak, bestalde, herri hautagai guztiak gonbidatu zituen Mundakan sortu zen “ilusioa eta aldaketa” dakarren olatura igotzera. “Ilusioz betetako egitasmoa, enpleguan eta jarduera ekonomikoan oinarritua, gizarte sarea mantentzeko egitasmoa, baina iruzur fiskalik edo sozialik gabe, eta 0,0 politikarekin. Zero irain, zero joko zikin”, azpimarratu zuen.