LOMCEri Ez! Manifestazioa Markina-Xemeingo kaleetan zehar.
LOMCE erreformak ikasle, irakasle eta orohar herritarrengan «izugarrizko ondorioak» ekarriko dituela-eta, kalera atera dira protestan Lea-Artibaiko ikasleak. Joan den barikuan egin zuten manifestazioa Markina-Xemeingo kaleetan zehar Lea-Artibaiko ikasle, irakasle eta herritarrek.
Euskara hirugarren mailako hizkuntza izatera pasatuko dela, hezkuntza merkantzia bihurtuko dela, eta ikasle zein ikastetxeen arteko lehiakortasuna bultzatuko dela salatu zuten ikasleek besteak beste. «Ziklo bakoitzeko amaieran Madrildik ezarriko dizkiguten probak erabakiko dute ikaslearen ibilbidea ikasketa prozesuan zehar, eta ondorioz, txikitatik ikasleak banatuta egongo dira beraien emaitzen arabera», adierazi zuten.
Azaroan ikastetxe guztietan egindako eztabaiden ondoren bost konpromiso hartu zituzten Bizkaiko ikastetxeetako ikasleek: herri kurrikuluma garatzea, klase orduetan herri jakintza sortzeko saioak lantzea, edukien euskaratzea eta ikuspegi heritarra txertatzea, errebalidei insumisioa egitea eta irakasle eta ikasleen arteko elkarlana lortzea. «Erreformaren erasoaren biktimak denok gara, eta horreri erantzun bat ematea guztion lana da».
Eguaztenean, martxoak 18, berriz ere, protestekin jarraituko dute. Euren ikasgeletatik altzatu eta Bilboko kaleetara irtengo dira ikasleak euren mezua aldarrikatzera.