GRAVNI jokatuko duen Bizkaiko taldea. Argazkia: Bizkaiko Eusko Pilota Federazioa
Pasa den asteburuan Euskal Ligako finalak jokatu ondoren, asteburu honetan prestigio handiko beste txapelketa bati eman dio hasiera Euskadiko Euskal Pilota Federazioak. Izan ere, 2015eko GRAVNI lehiaketa martxan hasi da. Bizkaia eta Errioxa lehiatu dira batetik, Gipuzkoa eta Nafarroa bestetik, eta Araba eta Iparralde azkenik. Guztira bost jardunaldi jokatu dira.
Zesta-Puntan eta esku pilotan jokatuko dute bertoko jokalariek. Zesta-Puntari dagokionez, gazte mailan estreinatu dira mutrikuarrak. Joan den asteburuan izan zuten lehen norgehiagoka eta garaile atera ziren. 35 eta 26 irabazi zioten Jon Goenagak eta Aitor Andonegik Nafarroako bikoteari, eta lehen postuan jarri dira.
Bizkaia, oraindik ez da lehiaketan sartu. Markina-Xemein, Gernika-Lumo eta Berriatuko eskoletako pilotariak hartuko dute parte lurraldeen arteko norgehiagokan, eta Gipuzkoa izango dute aste honetan jokatuko duten estreinako jardunaldian aurkari. Gazte mailan Martin Gandiaga eta Jon Mandiola ariko dira, Markina-Xemeingo eskolakoak; 22 azpikoetan Roke eta Leke, Gernika-Lumokoak; eta nagusietan Antxon eta Arriola Berriatuako eskolakoak. Berriatuan izango dute lehenengo norgehiagoka bizkaitarrek.
Txapelketako berritasunak
Iparraldeko selekzioak bigarren urtez jarraian parte hartuko du, eta berritasunak ere izango ditu txapelketak. Batetik, finalak Bizkaian jokatuko dira, eta ez Araban, azken urteetako modura. Ondorioz, final gehienak Bilboko Bizkaia pilotalekuak eta Sestaoko pilotalekuak hartuko dituzte. Finalerdiak Gipuzkoan eta Araban izango dira: ezker paretakoak Gipuzkoan eta trinketekoak Araban. Horrez gain, emakumeen frontenis modalitatea lehen aldiz jokatuko da GRAVNI txapelketan. Hala, inoiz baino jokamolde gehiago ikusi ahal izango dira aurten: ezker paretan hamabi eta trinketean sei. Herrialde guztiak ez dira egongo modalitate guztietan. Beste urtebetez, eskuak izango du partaidetzarik handiena.
Jokamoldeak hauek izango dira:
Ezker paretan: paleta goma neskak, paleta goma mutilak, paleta larruz, pala motza, eskuz banaka, eskuz binaka, zesta punta, pala, erremontea, joko garbia, frontenisa mutilak eta frontenisa neskak.
Trinketean: eskuz binaka, eskuz banaka, nesken paleta argentinarra, mutilen paleta argentinarra, larruzko paleta eta xarea.
Hilabete eta erdi inguru iraungo du txapelketak, eta finalak maiatzeko lehen asteburuan izango dira, barikuan, zapatuan eta domekan.