Martxoaren 11tik 14ra mundu mailako mendi eskiatzailerik onenak batu ditu Areches Beaufort-en (Frantzia) egin den
Pierra Menta lasterketa ezagunak. Azken egunotan egin den den proba munduko hiru lasterketarik garrantzitsuenen artean dago, Troffeo Mezzallama eta Patrouille des Glaciers-ekin batera.
Aurtengoa, gainera, 30. urteurrena izan da. Urteurren bereziak lasterketaren formatua aldatu du; lau etapatan banatuta egin da. Urtero modura, lasterketaren ibilbidea zaila izan da. Ikusgarria eta erabat teknikoa; ordu gutxitan 2.500 metrotik gorako desnibelak gainditu behar izan dituzte egunero, igoera aldapatsu eta jaitsiera azkar eta zailekin. Dena ere, erritmo aldaketa handiagaz.
Atsedenik gabe, lau egunetan 100 kilometrotik gora eta 10.000 metroko desnibel positiboak gainditu behar izan dituzte; Grande Journee (2.460 metro), Les Embouchus (2.305 metro), Le Mont Coin (2.539 metro) eta Grand Mont (2.645 metro) moduko mendiak igo behar izan dituzte.
Mundu osotik joandako 300 bikotetik gorak parte hartu dute. Tartean, Nahia Quincoces Altuna eskiatzaile mendexarrak Marta Garcia Farres (Espainiako Txapelketan bigarrena) kataluniarragaz batera parte hartu du. Bikotea ondo baino hobeto konpondu da txapelketan, eta emaitza onak lortu dituzte. Sailkapen orokorrean 7. amaitu dute. Lau probak amaitzeko, denetara, 13 ordu, 25 minutu eta 16 segundo behar izan dituzte. “Oso nekatuta”, baina pozik amaitu du eskiatzaile mendexarrak bere lehenengo Pierra Mentako proba.
Nahia Quincoces lehen etaparen amaieran. Argazkia: grandecourse.com
Eguaztenean [martxoak 11], lehenengo etapa jokatu zen. Motza eta ikusgarria izan zen erlojuaren aurkako etapa, hurrengo hiru etapen aurrekari gisa “ondo” egon zela aitortu zuten partehartzaileek. 1.435 metroko desnibel positiboa gainditu behar izan zuten, eta tartean, Col de la Bathie (2039 metro) igo behar izan zuten.
Lehen lasterketan ondo konpondu zen bikotea. “Gustura eta pozik” geratu ziren 6. postuagaz. Quincocesek eta Garciak ordubete, 41 minutu eta 57 segundo behar izan zuten helmugara heltzeko. Eskiatzaile mendexarraren esanetan, jaitsiera tekniko asko izan zituzten.
Eguenean [martxoaren 12] jokatu zen bigarren etapan 2.000 metrotik gorako altuera duten lau mendi tontor igo behar izan zituzten. 7. postuan ailegatu ziren; hiru ordu, 46 minutu eta 42 segundo behar izan zuten helmugaratzeko. Quincocesek berak aitortu duenez, bigarren etapa “oso gogorra” iruditu zitzaion.
Barikuan [martxoak 13], bederatzi gailur igo behar izan zituzten; garaienak Col de la Pierra Menta (2.500 metro) eta Mont Coin (2.540 metro). 4 ordu, 13 minutu eta 07 segundoko denboragaz, 7. amaitu zuten. Eskiatzaile mendexarra gogor aritu zen barikuan, baina oinak erabat minduta amaitu zuen azken aurreko etapa.
Nahia Quincoces eta Marta Garcia lehen etapan. Argazkia: pierramenta.com
Eskiatzaileen arabera, etaparik ikusgarriena eta garrantzitsuena zapatukoa [martxoak 14] izan zen. Etapa polita eta nekagarria izan zen, baina denaren gainetik giro ikaragarria egon zen. Parte hartzaileen arabera, Pierra Mentako lasterketa “ikusleek egiten dute berezia”. Helmugan 5.000 pertsonatik gora izan zituzten animatzen parte hartzaileek Grande Monten (2.380 metro).
Quincocesek eta GarciakĀ aurreko sailtuengadik minutu erdira amaitu zuten proba. 3 ordu, 43 minutu eta 30 segundoko denboragaz, 8. helmugaratu ziren. “Gure aurrekoak harrapatu nahian ibili gara etapa osoan, baina ezinezkoa izan da. Bistan izan ditugu ibilbide osoan, baina gure aldean azkarragoak izan dira”. Lasterketari dagokionez, Garcia igoeretan mendexarra baino hobeto ibili zen, baina Quincoces jaitsieretan askosaz hobeto ibili zen.