Lekeitioko Udala kultur aniztasun plan bat egiteko lehen pausoak ematen hasi da
Lekeitioko Udalak, kultur aniztasuna eta elkarbizitza sustatzeko oinarriak adostu eta ezarri nahi ditu herritarrekin. Ahalegin hau herritar eta eragileekin elkarlanean egin nahi du udalak, “euren ikuspegia ezagutu eta aurrera begirakoak adostasunean finkatzeko”.
Aniztasun planak migrazioak eta migrazioa horien ondorioak kudeatzeko oinarrizko tresnak dira udalarentzat. “Plan horrek hainbat urtetarako iparra zehazten dio Udalari, helburu eta estrategia orokorrak definituz eta urteroko ekintza planak martxan jarriz”, azaldu du udalak. Egungo datuen arabera, herritarren %6.25 Lekeitiora migratutakoak dira.
Hiru saio Herriko pertsonen esperientziak oinarritzat hartuta lan egingo dutela zehaztu du udalak: “Beraien ikuspegi, bizipen eta gaiarekiko espektatibak kontuan hartu eta dinamika parte hartzaileen bidez gogoeta kolektiboa egin, besteen lekuan jartzea ahalbidetu eta aurrera begirako ildo komunak definitu eta adostu nahi dira, elkarbizitza osasuntsua lortzeko aldaketarako giltza izan dadin”.
Saioak aniztasun plan osatu eta xehe bat osatzeko lehen pausuak izango dira. Gainera, plana erabat praktikoa izatea nahi du udalak, eta saioek bere aplikazio praktikoa erraztuko duten ildo nagusiak identifikatzeko balioko dute.
“Ez da kaxoian geratuko den plan bat, herritar eta eragileekin adostutako ildo nagusien zerrenda baizik”.
Aurreko astean egin zen lehen saioa eta bertan hainbat herritarrek eta eragilek parte hartu zuten. Partehartzaileak herriko kultur aniztasunaz ohartu, pertsepzioak ezagutu eta topikoak apurtzen saiatu ziren; guztien artean elkarbizitzarako aurkitzen dituzten arazoak identifikatu zituzten; elkarrekin harremantzeko dituzten arazoak aipatu zituzten, eta elkar ezagutzeko ekintzak edota espazioak bultzatu behar direla gaineratu zuten.
Bigarren saioa gaur egingo da. Lehen saioko hausnarketa oinarri hartuta, elkarbizitza eta elkar ezagutza areagotzeko zer egin daitekeen adosten saiatuko dira.
Azkenik, hirugarren saioa apirilaren 21ean egingo da. Aurreko saioan adostutako akordioak kontuan hartuta, elkarbizitza planerako ildo nagusiak adostea izango da hirugarren eta azken saio honen egitekoa. Hau da, hurrengo urteetan plan estrategiko bat egin ahal izateko oinarriak markatzea izango da helburua.