Lekuen osteko oihartzuna
Doinu ezberdinek Gernika-Lumoko lekuak girotu dituzte astebetez. Domekatik domekara, musika emanaldi, zuzeneko, hitzaldi, proiekzio... eta hainbat ekitaldi ekarri ditu festibalak.Egin dute bigarrena. Zazpi egun, dozenaka leku, berrogeita hamar ekitaldi...
Doinu ezberdinek Gernika-Lumoko lekuak girotu dituzte astebetez. Domekatik domekara, musika emanaldi, zuzeneko, hitzaldi, proiekzio… eta hainbat ekitaldi ekarri ditu festibalak.
Egin dute bigarrena. Zazpi egun, dozenaka leku, berrogeita hamar ekitaldi baino gehiago eta festibal bakarra. Herriko hainbat talde, elkarte eta norbanakoren esfortzua da Gernikako Lekuek Festibala, eta bigarren urtez, hango eta hemengo jendea batu du bere egitarauak. Aste osoko eskaintza musikala ekarri dute aurten ere Gernika-Lumoko Lekuek, eta aniztasun horrekin gozatzeko aukera izan da.Hitzaldiak, tailerrak, bideo proiekzioak, swing dantzak… Zuzenekoak baino gehiago izan dira lekuetan, musikaren munduak ematen dituen aukeren isla. Ainara LeGardonen ponentziak eman zion hasiera festibalari, eta hurrengo egunetan ere izan dira hitzaldietan jorratu dituzten hainbat gai. Horien artean, eguazteneko Kata Crock! Rocka badator izenburupean egin zuten ekitaldia. Atzera begira jarri, eta Gernika-Lumoko musika ibilbideari errepaso bat eman zioten, 80ko hamarkadan hasi eta gaur egun arte herriko musika eszenako protagonista izan direnekin solasean.
Asteburua, bete-betea
Asteburuari begira, baina, zuzenekoek eta emanaldiek hartu zuten protagonismoa Gernika-Lumoko festibalean. Paus portugaldarrek giro ederra sortu zuten Trinkete Antitxokoan, eguenean. Eta dantzarako doinuak ipini zituen Ray Fernandez kubatarrak, Astran. Eñaut Elorrieta gernikarrak lagundu zion horretan.
Barikuan umeek ere parte hartu ahal izan zuten Lekuek festibalean, musikarekin kontaktuan jarriz. Urdaibai Folk taldearen laguntzarekin, musika instrumentu ezberdinak ezagutzeko aukera izan zuten, eta horiek sortzen zituzten doinuekin dantzan ere aritu ziren. Gainera, nork bere etxetik hartutako musika tresnarekin, kalejira egin zuten gero.
Eta Gernika-Lumoko hainbat taberna leku bilakatu izan dira bereziki asteburuan. Musutruk, Ospa, Zeppelin, Zarata, Arima, Atxur, Revolution, Irrintzi, Musutruk, Lagun-Etxea, Zarata… Kaleko eguna izan behar zuen zapatukoak, baina eguraldiak mugatu egin zuen kaleko egitaraua, eta Pasealekuko arkupea bat-bateko leku bihurtu zen. Han ipini zuten, baita, biniloen azoka.
Mike Whellans, James Room, Sustrajah Band, Potato, Izaro Andres, Zea Mays, Ainara LeGardon, The Vartools, Toby Connor, Fellas, Nebbian, Albert Pla, Hesian, Gruvs, Tooth, Aterkings, The Riff Truckers, Bullet proof lovers… Hainbat izan dira, baita, egunotan festibalari beraien musika ipini dioten Dj-ak.
«Sentsazio onak»
Aurtengo Lekuek Festibalak utzitakoagaz pozik daude antolatzaileak, eta «sentsazio onak» dituztela azaldu dute. Trinkete Antitxokoko kide Igor Erzillak azaldu legez, musika talde berriak ezagutzeko aukera izan dute, «gauza freskoak»; eta musikariak eurak ez ezik, dioenez publikoa ere gustura ibili da Lekuek Festibalean.
Festibala antolatzen ibili direnek balorazio orokorra egin gabe dute oraindik, baina hurrengo urteari begira daude dagoeneko. «Jendea gogotsu ikusten dut datorren urtean hirugarrena antolatzeko». Eta zenbait ideia ere badituzte musika jaialdia herritarrengana eta herriko leku ezberdinetara zabaltzeko: «Adibidez, datorren urtera begira, Gernika-Lumoko merkatariek ere parte hartzea gustatuko litzaiguke».
Jendea erakarri du jaialdiak bigarren edizio honetan ere, baina zapatuko euriak kaleko egitaraua zapuztu zuen. «Aterpe tabernan jo zuten kalean izan behar ziren kantariak, eta, egia esateko, ondo joan zen dena».
Hala ere, udalak tabernek ordutegi zabalagoa izateko baimenik ez ematea kritikatu dute antolatzaileek. «Eskaera egin dugu udaletxean, baina ezetza eman digute». Ohiko ordutegia mantentzeak diru sarreretan eragina izango duela uste dute: «Astran, Iparragirren eta Trinketen kontzertuak amaitu ostean bete ziren tabernak, baina dagoeneko berandutxo zen». Ostalariek egindako apustua ere eskertu dute festibalaren antolatzaileek.
Era berean, zapatuan Juan Calzada kalea zarratzeko baimena ere eskatu izan diete festibalaren antolatzaileek udal arduradunei, baina horri ere ezezkoa erantzun diete.
Omenaldia
Aipatzekoa da aurten Busturialdeko gitarra jotzaile onenetako bat omendu duela Gernikako Lekuek Festibalak: Jose Alberto Batiz. Harekin solasean aritzeko aukera izan zuten joan den astelehenean Astrara joan zirenek, eta Jorge Etxebarrieta Txortx-en eta Gaizka Salazarren (Gatibu) laguntzarekin, kontzertu labur bat eman zuen ostean.
Eskualdeko musika taldeetan hasi zen Batiz gitarra jotzen; geroztik, Akelarrerekin, Tapia eta Leturia Band-ekin eta Fito & Fitipaldis taldearekin ibili izan da, eta beste hainbatekin kolaboratu izan du: Extremoduro, Extrechinato y Tu, Platero y Tu, Gatibu, eta Busturialdeko musika taldeekin ere.