Lekeitialde Txirrindulari Elkarteak eta
Gizaburuagako Udalak antolatuta, domekan [martxoak 22] Gizaburuagan Eskolarteko ziklo-kros lasterketa egingo da. 11:00etatik aurrera, txirrindularitzaren inguruko jai handia egingo dute udaletxe atzeko zelai inguruetan.
Eskualde mailan kirol ekimen berria dela nabarmendu dute antolatzaileek. “Gizaburuagan eta Lea-Artibai mailan egingo den lehenengo lasterketa izango da. Bizkaiko hainbat lekutan urtero lasterketa asko antolatzen dira, baina guk dakigunez, hemen inguruetan ez da horrelakorik egiten”, azaldu du Juan Migel Arostegi Lekeitialde Txirrindulari Elkarteko kideak.
Bermeoko ziklo-krosa. Argazkia: Bermeoko Txirrindulari Taldea
Antolatzaileek hilabeteak daramate mota honetako lasterketa bat antolatzeko nahiagaz, baina gauza bategatik edo besteagatik, orain arte ez da posible izan. “Beti egin ezinean ibili izan gara, baina aurten bai ala bai egin beharra genuen. Federaziora deitu eta martxoaren 22a guretat gordetzeko eskatu genien”.
Partaidetzari dagokionez, 7 urtetik 14 urte bitarteko eskolarrek parte hartu ahal izango dute lasterketan. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, federatutako kideek edota talde bateko kide direnek parte hartu ahal izango dute bakarrik. Txirrindularitza eta, oro har, gazteen artean kirola egitea bultzatu nahi dituzte proba honen bidez. “Txirrindularitza gustuko duten gazteei domekan gure taldean izena emateko aukera ere zabalduko diegu. Denak ere ongi etorriak izango dira”.
Bermeoko ziklo-krosa. Argazkia: Ainhoa Astui
Ibilbideari dagokionez, udaletxearen atzeko zelaian zirkuitu antzerako bat sortu dute, eta hari bueltaka ariko dira parte hartzaileak. Adinaren arabera, ibilbide desberdina egin beharko dute txirrindulariek. Gazteenek egingo dute motzena, eta gerokoan gehitzen-gehitzen joango dira zailtasuna eta luzera ere. “7 eta 8 urtekoek kilometro bat inguruko lasterketa egingo dute. 14 urtekoek, aldiz, 8 bat kilometro egin beharko dituzte. Nagusienentzat, gainera, ibilbidea zer edo zer aldatu, eta zirkuituan zehar buelta batzuk emateaz gain, beste toki batzuetara joan etorria egin beharko dute. Zelai ondoan dagoen zubitxoa zeharkatu eta Lea Ibilbidean zehar kilometro erdi bat ere egin beharko dute”.
Proba egiten lehenengoak gazteenak izango dira, eta nagusienak azkenak. 7 eta 8 urte bitartekoek batera egingo dute lasterketa. Horien ostean, 9 eta 10 urte bitartekoak ere batera egingo dute lasterketa, eta aurrekoek baino ibilbide luzeagoa egin beharko dute. 11, 12, 13 eta 14 urteko gazteei dagokionez, bakoitzak bere adin tartekoagaz egin beharko du lasterketa.
Bermeoko ziklo-krosa. Argazkilaria: Bermeoko Txirrindulari Taldea
Bestalde, eguraldiaren eta ibilbidearen egoeraren arabera, luzera moztu ere egin beharko dela aurreratu dute. “Basa baldin badago, horrek asko zailduko du parte hartzaileen ibilbidea eta moztu egin beharko dugu. Ez dut uste oso sikua egongo denik ere. Proba hasi aurreko orduetan ikusi beharko da zelaia nola dagoen”.
Eguraldi iragarpenek ez dute gauza onik ematen domekararako, hala ere, proba ez dela bertan behera geratuko azpimarratu dute antolatzaileek. “Euria baldin badago ibilbide motzagoa egingo dugu, baina ez da bertan behera geratuko”.
Kirola egin eta partehartzailetasuna bultzatu nahi dute jai giroan domekako proban, hori dela eta, denek izango dituzte sariak.