Kultur aniztasun plan bat egiteko lehen pausoak ematen hasi da udala
Kultur aniztasuna eta elkarbizitza sustatzeko oinarriak adostu eta ezarri nahi ditu udalak herritarrekin. Hiru saio egingo dituzte, azkenengoa apirilaren 21ean egingo daLekeitioko Udalak, kultur aniztasuna eta elkarbizitza sustatzeko oinarriak adostu e...
Kultur aniztasuna eta elkarbizitza sustatzeko oinarriak adostu eta ezarri nahi ditu udalak herritarrekin. Hiru saio egingo dituzte, azkenengoa apirilaren 21ean egingo da
Lekeitioko Udalak, kultur aniztasuna eta elkarbizitza sustatzeko oinarriak adostu eta ezarri nahi ditu herritarrekin. Ahalegin hau herritar eta eragileekin elkarlanean egin nahi du udalak, «euren ikuspegia ezagutu eta aurrera begirakoak adostasunean finkatzeko».Aniztasun planak migrazioak eta migrazio horien ondorioak kudeatzeko oinarrizko tresnak dira udalarentzat. «Plan horrek hainbat urtetarako iparra zehazten dio Udalari, helburu eta estrategia orokorrak definituz eta urteroko ekintza planak martxan jarriz», azaldu du udalak. Egungo datuen arabera, herritarren %6.25 Lekeitiora migratutakoak dira.
Hiru saio
Herriko pertsonen esperientziak oinarritzat hartuta lan egingo dutela zehaztu du udalak: «Beraien ikuspegi, bizipen eta gaiarekiko espektatibak kontuan hartu eta dinamika parte hartzaileen bidez gogoeta kolektiboa egin, besteen lekuan jartzea ahalbidetu eta aurrera begirako ildo komunak definitu eta adostu nahi dira, elkarbizitza osasuntsua lortzeko aldaketarako giltza izan dadin». Horretarako hiru saio egingo dituzte. Saioak plana osatzeko lehen fasea izango dira.
Aurreko astean egin zen lehen saioa eta bertan hainbat herritarrek eta eragilek parte hartu zuten. Partehartzaileak herriko kultur aniztasunaz ohartu, pertsepzioak ezagutu eta topikoak apurtzen saiatu ziren; guztien artean elkarbizitzarako aurkitzen dituzten arazoak identifikatu zituzten; elkarrekin harremantzeko dituzten arazoak aipatu zituzten, eta elkar ezagutzeko ekintzak edota espazioak bultzatu behar direla gaineratu zuten.
Bigarren saioan, lehen saioko hausnarketa oinarri hartuta, elkarbizitza eta elkar ezagutza areagotzeko zer egin daitekeen adosten saiatu ziren.
Azkenik, hirugarren saioa apirilaren 21ean egingo da. Aurreko saioan adostutako akordioak kontuan hartuta, elkarbizitza planerako ildo nagusiak adostea izango da azken saioko egitekoa.