Zerrenda bateraturako akordioa egin du Gorroñok jeltzaleekin
Koalizioko zerrendaburua izango da gaur egun Gernika-Lumoko alkate dena. Itxaso Atutxak azaldu duenez, Gernika-Lumon egindakoa akordio bakana daAkordio batera helduta, zerrenda bateratua aurkeztuko dute Gernika-Lumoko EAJk eta Jose Mari Gorroñok sortu...
Koalizioko zerrendaburua izango da gaur egun Gernika-Lumoko alkate dena. Itxaso Atutxak azaldu duenez, Gernika-Lumon egindakoa akordio bakana da
Akordio batera helduta, zerrenda bateratua aurkeztuko dute Gernika-Lumoko EAJk eta Jose Mari Gorroñok sortutako hautagaitza independenteak. Atzo Gernika-Lumon egindako agerraldian EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak azaldu zuenez, bi alderdiak koalizioan aurkeztuko dira maiatzaren 24ko udal hauteskundeetara. Gainera, Jose Mari Gorroño bera izango da zerrendaburua. «Azken hilabetean Gernika-Lumoko egoera politikoa guztiz aldatu da» zioen Atutxak; «gaur egun alkate dena koalizio batetik kanpo geratu da, eta elkarlanean aritzeko eskaintza zabala egin zuen. Guk, egoera hori ikusita, harekin hitz egiten hasi ginen, eta elkarlanerako oinarriak daudenez, elkarrekin aurkeztea erabaki dugu».Maria Uribe zen Gernika-Lumoko EAJk udal hauteskundeetarako aurkeztu zuen zerrendaburua, eta, orain, bigarrena izango da bi alderdiek sortuko duten koalizio horretan. «Gernika-Lumoko EAJk ahalegin handia egin du zerrenda bateratu hau aurkezteko; baina hori egin du akordioa Gernika-Lumorentzat eta Busturialdearentzat ona izango dela uste duelako», esan zuen Uribek.
Iritzi bateragarriak
Koalizio berriaren izena erabaki gabe dute oraindik, eta zerrenda bateratuari zein egitura eman aztertzen ari dira zerbitzu juridikoak. Dena den, atzoko agerraldian azaldu zutenez, elkartze horretan zinegotzi gehiago izango lituzke Gorroñoren zerrenda independenteak EAJrenak baino. «Gaur egun udaletxean dauden proportzioan izango dela adostu dugu», Gorroñok argitu zuenez. Gaur egun hamabi zinegotzi dauzka EH Bilduk Gernika-Lumon, eta, horien artean, zazpi dira Eusko Alkartasunak aurkeztutako zerrendako zinegotziak. EAJk, berriz, bost zinegotzi dauzka.
Gernika-Lumon lortutako akordioa, baina, bakana dela argi utzi zuen atzo Itxaso Atutxak, eta gezurtatu egin zuen EAJk Bizkaiko beste udalerri batzuetan jarraituko duen estrategia bat denik.
Programa politikoari dagokionez, oraindik garatu gabe dutela esan zuten. Hala ere, komuneko ikuspuntuak dituztela esan zuen Atutxak, baita bateragarriak diren iritziak ere. «Beraz, programa politikoa izango dugu».
Egoera ekonomikoa
Jose Mari Gorroño eta Eusko Alderdi Jeltzalea elkarrekin aritzera ohituta daudela esan zuen Bizkai Buru Batzarreko presidenteak. «Orain, Gernika-Lumoren egoera ekonomia kontuan hartuta, biek batera egin beharreko bidea badagoela ikusi dugu. Elkarlan hau ez da berria, Gorroñok eta EAJk udal gobernua osatu izan dutelako Gernika-Lumon».
Bai Itxaso Atutxak berak, zein Jose Mari Gorroñok ere, egoera ekonomikoa eta pertsonak izan zituzten hizpide atzoko agerraldian. «Guk sarritan esan dugu pertsonak direla gure jarduera politikoan garrantzizkoena», esan zuen Atutxak. «Gernikarrak ipini behar ditugu lehen lerroan; hori dela eta, norbanakokeriak eta alderdikeriak albo batera utzi eta Gernika-Lumoren alde egiteko erronkari baiezkoa eman diogu».
Ildo beretik mintzatu zen Gorroño: «Alderdi politikoak herritarren esku egon behar duten tresnak dira, ez alderantziz. Pertsonak daude alderdi politiko guztien gainetik».
Gernika-Lumok eta Busturialdeak bizi duten egoerari erreparatuta, nork bere aldera jotzeak zentzurik ez dauka, Gorroñoren esanetan. «Herriak irabazi behar du, eta akordio honek emaitza onak emango dituelakoan nago».
Bere asmoa Gernika-Lumo mailarik gorenean egotea dela esan zuen alkategaiak, eta, horretarako, ekonomia suspertzea beharrezkoa dela. «Eskualde hau zoragarria da, baina pentsiodunekin beteta dago. Gazteak kanpora alde egitera behartuta daude, eta horri buelta eman behar diogu».
Hala, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari zuzendu zitzaizkion, eta Elkartegia eta teknologia berrien goi mailako zentroa hurrengo agintaldian eraikitzeko eskatu.