Eskolarteko I. Ziklo-kros lasterketa egingo da domekan, Gizaburuagan
Antolatzaileen esanetan, eskualde mailan egingo den lehenengoa izango da. Eskola mailako 7 eta 14 urte bitarteko txirrindulari federatuek parte hartu ahal izango dute probanLekeitialde Txirrindulari Elkarteak eta Gizaburuagako Udalak antolatuta, domeka...
Antolatzaileen esanetan, eskualde mailan egingo den lehenengoa izango da. Eskola mailako 7 eta 14 urte bitarteko txirrindulari federatuek parte hartu ahal izango dute proban
Lekeitialde Txirrindulari Elkarteak eta Gizaburuagako Udalak antolatuta, domekan Gizaburuagan Eskolarteko ziklo-kros lasterketa egingo da. 11:00etatik aurrera, txirrindularitzaren inguruko jai handia egingo dute udaletxe atzeko zelai inguruetan.Eskualde mailan kirol ekimen berria dela nabarmendu dute antolatzaileek. «Gizaburuagan eta Lea-Artibai mailan egingo den lehenengo lasterketa izango da. Bizkaiko hainbat lekutan urtero lasterketa asko antolatzen dira, baina guk dakigunez, hemen inguruetan ez da horrelakorik egiten», azaldu du Juan Migel Arostegi Lekeitialde Txirrindulari Elkarteko kideak.
Antolatzaileek hilabeteak daramatzate mota horretako lasterketa bat antolatzeko nahiagaz, baina gauza bategatik edo besteagatik, orain arte ez da posible izan. «Beti egin ezinean ibili izan gara, baina aurten bai ala bai egin beharra genuen».
Partaidetzari dagokionez, 7 urtetik 14 urte bitarteko eskola ikasleek parte hartu ahal izango dute lasterketan. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, federatutako kideek edota talde bateko kide direnek parte hartu ahal izango dute bakarrik.
Udaletxearen atzeko zelaian zirkuitu antzerako bat sortu dute, eta hari bueltaka ariko dira parte hartzaileak. Proba egiten lehenengoak gazteenak izango dira, eta nagusienak azkenak.
Adinaren araberakoa
Adinaren arabera, ibilbide desberdina egin beharko dute txirrindulariek. Gazteenek egingo dute motzena, eta gerokoan gehitzen-gehitzen joango dira zailtasuna eta luzera ere. «7 eta 8 urtekoek kilometro bat inguruko lasterketa egingo dute. 14 urtekoek, aldiz, 8 bat kilometro egin beharko dituzte».
Bestalde, eguraldiaren eta ibilbidearen egoeraren arabera, luzera moztu ere egin beharko litzatekeela aurreratu dute. «Basa baldin badago, horrek asko zailduko du ibilbidea, eta moztu egin beharko dugu. Domekan ez dut uste oso sikua egongo denik ere. Proba hasi aurreko orduetan ikusi beharko da zelaia nola dagoen».
Eguraldi iragarpenak ez dira onak, baina, hala ere, proba ez dela bertan behera geratuko azpimarratu dute. «Euria baldin badago ibilbide motzagoa egingo dugu, baina ez da bertan behera geratuko».
Kirola egin eta parte hartzailetasuna bultzatu nahi dute jai giroan domekako proban, hori dela eta, denek izango dituzte sariak.