Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa martxoaren 28an egingo dute
Herritar gehiagoren arreta erakartzeko, zikloa Arrain Azokako asteburutik ateratzea erabaki dute. Hegaluze sarirako proposamenak aurkezteko epea zabalik dagoOrain arte Bermeoko Arrain Azokako asteburuan egin izan den Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zik...
Herritar gehiagoren arreta erakartzeko, zikloa Arrain Azokako asteburutik ateratzea erabaki dute. Hegaluze sarirako proposamenak aurkezteko epea zabalik dago
Orain arte Bermeoko Arrain Azokako asteburuan egin izan den Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa martxoaren 28an egingo dute aurton. Gainera, aipatu zine zikloa agertoki berri batean egingo da, Arrantzaleen Museoan, hain zuzen ere.Arrain Azoka Elkarteak eta Actividades Subacuaticas Real Sociedad de Futbol elkarteak antolatzen duten zinema ziklo horrek Itsaspeko zinemaren kalitatezko filmak eskaintzen ditu. Arrain Azokako asteburuan «behar bezalako oihartzunik ez dutela eta» hortik ateratzea erabaki dute, «herritar gehiagoren arreta» erakarri asmotan.
Gainera, Irune Ormaetxea Turismo eta Merkataritza zinegotziak azaldu duenez, «Arrain Azokaren helburua denboran zabaltzea da, asteburu batera mugatu barik».
Hegaluze saria
Atzoko agerraldian gogorarazi zutenez, aurten, XIX. Hegaluze saria ere emango dute. Maiatzaren 15ean egingo da ekitaldia, Nestor Basterretxea aretoan. Itsuki Irratiak antolatzen du Hegaluze saria, Arrain Azoka Elkartearen babesagaz.
Sari horren bitartez, ekintza puntual bat edo jarraipen profesional bat saritu gura da, eta «Bermeoren izena zabaldu eta goratu duenari edota herriaren alde lan egin duenari» ematen diote. Horretarako, baina, urtero, herritarrek aurkezten dituzte proposamenak, eta jakinarazi dutenez, zabalik dago horiek aurkezteko epea.
Proposamenak egin gura dituztenek orri batean idatzi beharko dute aukeratuaren izen-abizenak, bai eta zergatik aukeratu duten ere. Proposamenak hiru modutara aurkeztu daitezke: posta elektronikoz (hegaluze@itsuki-irratia.net) edota gutunez Itsuki Irratira (Hegaluze Saria, 120 p.k-48370 Bermeo) bidalita. Bestela, zuzenean, Turismo Bulegora eraman daitezke maiatzaren 11 baino lehen. Irabazlea epaimahai baten bidez aukeratuko da.