Taldearen aurkezpena
Txirrindulariak egon badaude, eta kalitatea ere badago. Krisia ere bada, eta, horren ondorioz, txirrindularitza talde gutxi dago. Halakoxea da euskal txirrindularitzaren egoera gaur egun. Hala ere, txirrindulari gazteek etorkizun handia omen dute; horregatik, euren aldeko apustua egin dute.
Zortzi urte dira EDP eta Euskadi Txirrindularitza Irakaskundea batu zirena, eta, garai horretan, elite eta 23 urtez azpiko talde berria sortzea erabaki dute. Talde hori osatzen duten txirrindularien artean daude, besteak beste, Lea-Artibaiko eta Busturialdeko zenbait kirolari gazte ere: Foruko Ander Etxebarria, Muruetako Paul Ormaetxea eta Markina-Xemeingo Iosu Angoitia.
Talde berria sortuta, epe labur eta ertainean, berriz ere, profesionaletara jauzia eman gura dute; Euskadi maila gorenean ordezkatzen aritutako 22 urte horietan bezala. Profesionaletan 180 garaipen baino gehiago lortu izan dituzte talde horretako txirrindulariek, eta aurrerantzean ere horretarako abilezia badutela erakutsi nahi dute.
Urte horietan guztietan, 110 euskal gazte baino gehiago trebatu izan dituzte, eta horrek suposatzen duen esperientziagaz aurrera egin nahi dute orain, diotenez, “proiektu berriak optimismoz eta giro berrituaz begiratuz”.
Proiektuagaz ilusioz
Taldeko presidente Miguel Madariagak argi du: “erronka berri baten hasieran” daude txirrindulariak eta taldea bera. Horren aurrean, “proiekzio handiko jende gazteagaz, oinarri sendoa sortzeko” prestutasuna erakutsi du. “Ilusioa pizten duen proiektua” da aipatutakoa Madariagarentzat, baina hori posible egiteko, guztien konpromisoa behar duela azaldu du.
Txirrindularien kalitateagaz, taldearen esperientziagaz, azpiegitura zabalekin, Serbitzuren babesagaz, Orbea etxeko bizikletekin, eta Novadietek eskainitako nutrizioagaz, bere helburuak lortzeko bidea egingo du talde berriak.