Markina-Xemeingo Urberuaga auzoko errepidea.
Bizkaiko Foru Aldundiak abiarazi ditu Markina-Xemeingo Urberuaga auzoan BI-633 errepidea hobetzeko lanak. Herri Lan eta Garraio Sailak tarte horretan egin nahi dituen jardueretako bat da BI-633 errepidearen egungo trazatua aldatzea, eta horretarako itzulbide bat egingo du BI-4403 errepidearekiko bidegurutzea birmoldatuz. Obra horren bidez zirkulazioa erraztea eta ikuspena hobetzea lortu nahi du Aldundiak; horretarako, BI-633 errepidearen 50 eta 52 kilometro-puntuen artean dauden bihurguneen erradioa handituko dute. Adjudikazioaren zenbatekoa 3.167.772,89 eurokoa izan zen, eta 12 hilabeteko epea dago amaitzeko.
Errepidearen zati berriak 3,50 metroko zabalerako errei bi eta 0,50 metroko bazterbideak izango ditu. Horretaz gainera, babes-berma bat jarriko da eta 250 metro baino gutxiagoko erradioa duten bihurgune guztiak handituko dira. 52. kilometro-puntuaren hasieran dagoen sestra-aldaketa ere hobetuko dute, gidariek ikuspen hobea izan dezaten. Lizitatutako proiektuan ezarrita dago elkargune bat eraikitzea Larruskaineko bidegurutzearen aurrean, Markina-Xemeinerantz doazen ibilgailuek eta BI-4403 errepidetik Ondarroarantz doazenek noranzkoa aldatzeko aukera izan dezaten.