Krausskada zabaltzen hasi da
Kraussk taldeko kideak euskal mugetatik kanpora jausi egiteko prest daude; Aste Santuan kontzertuak eskainiko dituzte Espainiako lau hiriburutako aretoetan.Metal horzkada euskal mugetatik haratago eramango dute Krausskeko mutilek. Azken sei urteak ohol...
Kraussk taldeko kideak euskal mugetatik kanpora jausi egiteko prest daude; Aste Santuan kontzertuak eskainiko dituzte Espainiako lau hiriburutako aretoetan.
Metal horzkada euskal mugetatik haratago eramango dute Krausskeko mutilek. Azken sei urteak oholtzarik oholtza dabiltza, eta beti bezala, agertokiaren gainera dena ematera irtengo dute.Iazko urriaren erdian hasi eta ekainaren 20ra arte Gudaberria euren estudioko lehen lana aurkezten jarraitzen dute mutrikuarrek, eta Aste Santuan Espainiako lau hiriburutan jotzeko aukera izango dute. Gudatour-ek baina, ez du etenaldirik. Espainiako bira txikia hasi aurretik ere hainbat kontzertu eskainiko dituzte mutrikuarrek. Martxoaren 27an Irunen eta 28an Gernika-Lumon egongo dira. Bueltan, ordea, Berriatuko Gaztetxean jarraituko dute Euskal Herriko bira.
Espero gabekoa
Ustekabean harrapatu du taldea kanpoan jotzeko eskariak, baina horrelako aukera bat suertatzen zaien lehen aldia denez, esperientzia berria ez dute alperrik galdu nahi izan. «Azpeitiko ezagun bat gure kontzertuetako bat ikustera etorri zen. Asko gustatu zitzaion, eta Madrilen dituen ezagun batzuei guri buruz hitz egin zien. Haiei ere ideia gustatu eta hortik sortu dira kontzertu hauek guztiak».
Gogotsu eta ilusioarekin ekingo diote erronka berriari Beñat Peralesek, Jon Antxustegik, Aritz Larreak, Ibon Aginagak eta Aitzol Collazok. Euren nabarmendu dutenez, aretoak «sutan jartzeko prest» daude.
Errepertorio zabala
Apirilaren 2tik 5era Madrilen, Murtzian, Valentzian eta Oviedon kontzertuak eskainiko dituzte Londresko De Profundis eta Terrassako (Bartzelona, Herrialde Katalanak) VRademargk death metal boskoteekin batera.
Errepertorio zabala du boskote mutrikuarrak, eta kanpoan joko duten kontzertu bakoitza «berezia eta bakarra» egiten ahaleginduko dira. «Ordu erdi inguru emango digute. Gure kontzertuak berez oso biziak baldin badira, denbora motzagoan are biziagoak egin beharko ditugu».
Kontzertuak ez eze, toki batetik bestera egingo duten ibilbidea ere erritmo bizian egin beharko dute. Lau egunetan, 2. 250 bat kilometro egingo dituzte, eta hainbat ordu emango dituzte alokatu duten furgoneta barruan.
Taldekideez gain, beste lau lagun izango dituzte bidaide esperientzia berri horretan. Mutrikuarrek aurreratu dutenez, gainera, bidaia grabatu eta sare sozialetan zabalduko dute. «Gurekin batera etorriko diren lagunei esker Road movie antzerako bat grabatuko dugu. Biran egon ezin izango diren horiei ere jarraipena egiteko aukera ematea da gure ideia».
Kraussfundin jaia
Hala ere, Espainiako bira egiteko finantzaketa faltan daudela nabarmendu dute taldekideek.
Hori dela eta, dirua batzeko asmoarekin, Kraussfundin deritzon jaialdi berezia egingo dute bihar, 22:00etan. Jaialdirako sarrerak 3 eurotan eros daitezke, Zubiaram tabernan.
Beraien sustraietara bueltatu eta Mutrikuko gaztetxea lehertzeko asmoa dute euren metal doinuekin. «Gaztetxean eman genuen gure lehen kontzertua, eta berari ere asko zor diogu. Plazer bat izango da bertan jotzea. Asmoa dirua batzea izango bada ere, horren ordainetan zerbait berezia eskaini nahi diogu bertora etortzen denari, eta proiektu berri honetan sinetsi duen guztiari».
Gaztetxea betetzen ahalegindu eta herrigiro polita ipini nahi dute. Auzolanean egindako jaia izango da. «Proiektuak jarraitu ahal izateko beste bultzada txiki bat behar du; horretarako denon laguntza beharrezkoa da».
Taldeak adierazi duenez, kontzertura joan ezin duten pertsona batzuek ere sarrera erosi dute laguntze aldera. Beraien ustez, taldeak kanpoan jotzeko aukera izan dezan herritarrak asko inplikatzen ari da. «Aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkiegu hau guztia posible egiten ari direnei».
Biharko kontzertuan batuko den dirua birako gastuetarako izango dela azpimarratu dute taldeko kideek. «Euskal Herritik kanpora jotzeko aukera izan duten talde asko ezagutzen ditugu, baina diru faltagatik ez dira joan. Gu ere egoera berdintsuan gaude; bidaiak eta mantenuak sekulako gastua suposatzen dute. Hala ere, jotzeko aukera eman digutenei ezezkoa eman beharrean, dirua lortu eta gure ametsarekin aurrera jarraitzea erabaki dugu, gerokoan damutu gabe».
Ordu txikiak arte
Euren diskoetako kanta propioak jotzeaz gain, kontzertua bereziago egiteko asmoarekin, hasieretako urteetan jotzen zituzten bertsio ezagunak entzuteko aukera ere egongo dela aurreratu dute. Eurekin batera, azken sei urteotako ibilbidean kolaboratzaile izan dituztenek ere beraiekin batera joko dute.
Ez dira oholtza gainera igoko diren bakarrak izango; LauP4 talde ondarrutarrarekin batera eskainiko dute kontzertua. «Ondarrutarrei kontzertuan parte hartzea eskertu besterik ezin diegu egin».
Jai solidarioak ez du etenik izango, eta bi taldeen kontzertuak bukatu orduko, elastiko eta disko batzuk zozkatuko dituzte. Ondoren, DJ Koxxk-ek musika jartzen eta giroa berotzen jarraituko du goizeko ordu txikiak arte.