Pantalan berria jarri du Jaurlaritzak arraun elkartearen erabilerarako
Bermeoko arraunlari gazteen gurasoek egindako eskaerari erantzuna emanez jarri dute pantalan berria. Leku irisgarriago batean kokatu dute, Martillo kaian, hain justuBermeoko Arraun Elkarteko arraunlariek errazago dute orain batelak itsasora jaistea. Eu...
Bermeoko arraunlari gazteen gurasoek egindako eskaerari erantzuna emanez jarri dute pantalan berria. Leku irisgarriago batean kokatu dute, Martillo kaian, hain justu
Bermeoko Arraun Elkarteko arraunlariek errazago dute orain batelak itsasora jaistea. Eusko Jaurlaritzak pantalan berri bat jarri du Martillo kaian. Jaurlaritzak azaldutakoaren arabera, «bereziki, Bermeoko Arraun Elkarteko haurren eta kadeteen mailako arraunlariei emango die zerbitzua».Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Azpiegituren zuzendari Almudena Ruiz de Angulok jakinarazi duenez, «Bermeoko etorkizuneko arraunlarien gurasoen eskaerari emandako erantzuna da pantalan berria». Gurasoek «kezkatuta» zeudela dio Ruiz de Angulok, «arraunlariek batelak harrizko maldaxkatik jaitsi behar zituztelako». Neguan harrizko maldaxkan pilatzen den lirdingak «irristatatzea eta erortzea» eragiten baitu, eta horrek batelak itsasora jaistea «zaildu» egiten du.
Era berean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak uretako jolas jarduerak bultzatu gura dituela azaldu dute, «arraunaren harrobia eutsi asmotan». Horregatik, horiei erraztasunak emateko, pantalan berria ezarri du Bermeon.
Pantalan berria, gainera, orain arte arraunlari gazteek erabiltzen zuten harrizko maldaxka baino leku irisgarriago batean jarri dute. Hala, kokagune berrian, traineruak eroaten dituzten ibilgailuek errazago egin ditzakete maniobrak.
Bestalde, Jaurlaritzako arduradunek azaldutakoaren arabera, Bermeoko Arrantzaleen Kofradiagaz lortutako hitzarmenari esker kokatu da Martillo kaian pantalana, «izotzez hornitzeko ditxoa erabiliko baitute pantalanaren erabiltzaileek».
Azken ukituen faltan
Pantalan berria zuraren itxura duen zoladuraz estali dute. UVA izpietatik babestutako plastikozko moldez eginda dago. Pantalanak hainbat ezaugarri ditu: aldezintasun estetikoa, ez da elektrizitate estatikoa pilatzen, itsaspen-maila handia dauka eta ez du irristatzen. Gainera, erraz garbi daitekeela azaldu dute, eta «bakterien erasoen aurreko inmunitatea dauka».
Pantalana erabilgarri badago ere, oraindik azken ukituen faltan dago. Izan ere, ate bat jartzea aurreikusi dute «sarbidea kontrolatu ahal izateko». Jakinarazi dutenez, 60.000 euro inguruko inbertsioa egin du Jaurlaritzak pantalan berria ezartzeko.