‘Kometa izan nahi zuen karakola’ ikuskizunaren irudia.
Musika, dantza, bertsoak eta poesia uztartzen dituen ikuskizuna sortu dute Markina-Xemeingo Nerea Ibarzabal bertsolariak eta Graxi Arregi gimnastak, eta Ziortza-Bolibarko Lorea Zulaika musikariak. Unai Arrieta gipuzkoarra Gimnastika Artistikoan Euskadiko txapelduna ere izan dute lagun proiektu berezian. Kometa izan nahi zuen karakola ikuskizuna, zapatuan, martxoak 21, estreinatuko dute Uhagon kulturguneko erakusketa gelan.
Poesiaren Nazioarteko Eguna dela eta antolatu du emanaldia Markina-Xemeingo Herri Bibliotekak, eta markina-xemeindar gazteen lana aukeratu dute ospakizunerako.
Publiko guztiei zuzenduta dagoen ikuskizuna 17:00etan hasiko da, eta ikusi, entzun, jolastu eta parte hartzeko aukera emango duela aurreratu dute antolatzaileek.