Saharako umeak Aulestin. Argazkia: Leire Barrutia
Uda sasoian Saharan 50 gradutan egoten dira askotan, ia urik ez daukate, ez eta elektrizitaterik ere, baina ume guztiak eskolara doaz, eta pozik daude. Pozik, gainera, familia askori esker, oporrak beste lurralde batzuetan igarotzeko aukera dutelako, eta bertan esperientzia zoragarriak bizi.
Sahelaren eskutik, Lea-Artibain ere, Saharako kanpalekuetako umeak etxean hartzeko aukera dago. Hasierako urduritasunak gaindituta, esperientzia guztiz aberasgarria dela diote probatu duten familiek.
Banaka, binaka, zein familia handietan hartu daitezke umeak. Bi hilabete egoten dira bertan, ekainaren amaieratik abuztuaren amaierara arte, eta 8 eta 12 urte artean izaten dituzte. Gainera, gustura egonez gero, ume bera hartu daiteke etxean bost urtez jarraian.
Kanpoko senidea etxean
Familiari, umea etxean hartzeak, ez dio ezelako kosturik suposatzen. Bidaia udalek ordaintzen dute, eta osasunari lotutako premiak Eusko Jaurlaritzako programen bitartez asetzen dira: ahoko osasuna zaintzeko PADI dohaineko programaren bitartez eta Osakidetzako pediatrarengana joanda.
Oporretara ere joan daiteke umeekin, familiaren asmoa hori bada. Horretarako, Sahelakoei paper bat eskatu besterik ez da egin behar. Bestalde, udalekuetara ere joan daitezke, beste ume guztien modura.
Beraz, familiek dioten modura, «kanpoan bizi den senide bat etxean hartzea modukoa da». Izan ere, azkenean, harreman estu-estua egiten dute familiek umeekin, maitasunez betetako lotura.
Saharako umeak hondartzan. Argazkia: Leire Barrutia
Umeak, soinean dutenagaz datoz, baina ilusioz beteta eta esker oneko eskutitz batekin. Kanpalekuetan egindako eskumuturrekoak ere ekartzen dituzte opari gisa. Halan, Saharako umea etxean izan duten familiak errez bereizten dira, guztiek daramate eskumuturrekoa soinean, euren etxeko kide berriaren oroigarri.
Gauza asko dituzte ikusi eta ikasteko; esate baterako uretan ibiltzea izaten dute gustuko. «Dutxa asko gustatzen zaie, bai eta hondartza eta igerilekua ere» diote familiek. Baina, hartzen dituzten etxekoentzako ere bizipen aberasgarria izaten da; izan ere, umeak Saharar herriaren enbajadoreak dira, euren errealitatea ezagutzera ematen dute.
Familietan oso gustura eta zoriontsu egon arren, ume gehienak poz-pozik itzultzen dira euren herrira, gurasoak, neba-arrebak eta lagunak ikusteko gogotsu egoten direlako. Pobrezian bizi dira, baina orokorrean afektibotasun aldetik, aberatsak dira.
Eskaera egiteko epea
Saharako kanpalekuetako umeen gabeziak hobetzea helburu, jarri zuen abian Eusko Jaurlaritzak Oporrak Bakean elkartasun proiektua. 1999.ean hasi zen programa martxan eskualdean, Sahelaren eskutik, eta orduan, hamasei ume etorri ziren Lekeitiora. Eskariaren arabera etortzen dira umeak, eta azken urteetan, beherantz egin duenez, aterpetxeak zabaltzen hasi dira.
Apirilaren 30era arte edukiko dute Lea-Artibaiko familiek umea jasotzeko eskaera egiteko aukera. Horretarako, www.sahela.org webgunera sartu ahal dira edo bestela, 666 427 708 telefono zenbakira deitu.